Joko antolatzaile postuan, umezurtz

Aritz Mtz. de Luna 2020ko urt. 25a, 13:39

Pierria Henry antolatzaileari ebakuntza egingo diote datorren asteazkenean.

Ostegunean, aparteko joko mailarik erakutsi ez arren, Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu zuen Khimkiren kontra, eta aurreko igandean, gainera, Real Madrid menpean hartua zuten gasteiztarrek ligan. Garaipen horiei esker, taldearen dinamika, aspaldiko partez, goranzko joera hartzen hasia zela pentsatu dute egunotan zaletu askok.

Garaipen horietan ezinbesteko pieza izan da Pierria Henry antolatzailea, eta duela zenbait aste kritika gogorrak jaso arren, Vildozak min hartu eta gero, taldearen lera esku artean hartu eta garaipenera zuzentzeko gaitasuna erakutsi du estatubatuarrak.

Tamalez, osteguneko partidan min hartu zuen, eta partida bukaera bitartean jokoan jarraitu bazuen ere, ondoren egindako azterketa medikuek agerian utzi zuten aurpegian jasotako kolpe baten ondorioz hezur haustura duela. Horrelakoa izaten da kirola, eta are gehiago lesioak tarteko izaten direnean. Gauzak onerako bidea hartzen hasten direnean agertu ohi dira ezbeharrak. Baskonian aurtengoan, enegarrenez.

Granger aurtengo denboraldian jokatzen ikustea zaila izango da eta hilabeteak emango ditu oraindik kantxetatik kanpo. Vildozaren lesioa itxuraz larria ez bazen ere, oraingoz aste batzuk gehiago egongo da jokatu gabe eta ziurgabetasun asko dago epeen inguruan. Henryk kirofanotik pasa beharko du asteazkenean, eta horren ondoren ezagutaraziko dute itzulera epea zenbateraino luzatu daitekeen.

Taldeak fitxaketaren bat egin lezake min hartutakoak ordezkatzeko, baina oraingoz zurrumurruen eremura mugatzen dira hipotesi guztiak. Eta bien bitartean, ardura guztia Sergi Garcia gaztearen esku geratuko da. Itxuraz, azken partidetan ikusitakoaren arabera, Dusko Ivanovicek ez du konfiantza gehiegirik bere gaitasunean, baina beste aukerarik ezean, norbaitek hartu beharko du taldearen gidaritza lana.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide