Gazterik heldu zen Armando Aulestiarte (Ondarroa, 1949) Gasteizera, eta orduko lan borroken irudiak datozkio burura hilaren 30eko greba prestatzen ari direla. Orduan lortutako eskubideei eta horiek lortzeko borroka moldeei eusteko lan egiten jarraituko dutela azpimarratu du. Bilerak, txostenak, kalejirak, elkarretaratzeak... lanik ez dute falta Arabako Pentsionistak Lanean elkartean, hurrengo ostegunari begira. Azken bi urteetan pentsionistek lortu duten gihar eta batasuna ez dute galtzen utzi nahi, "tinko" eutsi nahi diote pentsio duinak bermatuko dituzten mobilizazioak indartzeari.
Urtarrilaren 30eko grebarekin zeini bidali nahi diozue mezua?
Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, biei. Espainiakoari gure eskaerak betetzeko eskatzen diogu; pentsioak legez KPIaren arabera eguneratzea nahi dugu, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea eta gutxieneko soldata 1.200 euroan ezartzea. Azken batean, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala desagerraraztea eta duinak izatea. Eta Eusko Jaurlaritzari ere, bide beretik, horiek osatzeko behar diren "bermeak" jartzea. Oztopoa dugu alderdi guztiak kontra ditugula, EH Bildu izan ezik, eta CCOO eta UGT sindikatuen babesik ere izango ez dugula, baina uste dugu lagun mordoxka dugula atzetik eta deialdi jendetsua izango dela. Eguerdiko hamabietan manifestazioa izango da Gasteizen, eta arratsalderako ere ari gara prestatzen. Euskal Herriko Gutun Sozialeko kide diren beste kolektiboekin bat egingo dugu hauetan; langileak, pentsiodunak, emakumeak, migratzaileak, gazteak... uste dut lagun ugari elkartuko garela.
Iñigo Urkullu lehendakariak greba "proportziorik gabekoa" dela esan du.
Kar kar kar. Urkulluri esan behar diogu enpresariak defendatu beharrean herriko jendea defendatu behar duela, hori dela bere eginbeharra, eta herriko jende gehiena langilea dela, ez enpresaria. Ez dugu onartzen, beste alde batetik, Euskadin gehiengoa duten sindikatuekin bildu nahi ez izatea; gehiengo sindikal eta soziala baztertzen ari da keinu horrekin. Langile borrokan beste pauso bat izango da hurrengo osteguneko greba. Iñigo Urkulluk eta bere gobernuak Euskadiko eskaerak entzun eta irtenbide bat ematea nahi dugu.
Ziklo politiko berrian, Espainiako Gobernuari pausoak emateko denbora eskatu dute, tartean, beste hainbat pentsiodunek.
Gure leloa da gobernatzen duenak gobernatzen duela gure pentsioak defendatuko ditugula. Gure deialdiak aurrera eramango ditugu, kosta ahala kosta, eta ikusiko dugu Gobernuak nola erantzuten duen aurrerantzean. Pablo Iglesiasek berak gogoratu zuen pentsiodunok grebaren bitartez lortu ditugula gauzak... Aurrerago ikusiko dugu aurkeztuko dituzten neurriekin ados gauden, baina oraindik hitz onak baino ez dira. Gobernuari erakutsi nahi diogu indar nahikoa dugula halako ekimen bat aurrera eramateko, eta ez gaudela promesak entzuteko bakarrik.
Ahal Duguk ere ez du bat egin deialdiarekin.
Oso gaizki iruditu zaigu. Bi urte daramate mundua jan behar dutela iragarriz, eta tira... Kontraesanik ez da falta, ordea; Podemos eta EH Bilduren botoarekin atera dugu aurrera grebaren aldeko mozioa Gasteizko Udalean. Euren artean ere eztabaida handia daukate, eta ziur naiz hainbat gerturatuko direla mobilizaziora. Azken batean denon eskubideen aldeko greba da hau, ez da hauteskundeei begirakoa.
Bi urte joan dira mobilizazioekin hasi zinetenetik. Balorazio ona egiten duzu?
Bai, oso ona. Lortu ditugun gauza apurrak mobilizazioen bitartez izan dira. Gutxieneko soldata 900 eurora igotzea lortu genuen, hori ere nahikoa ez izan arren, alargunen pentsioa igo zuten... Horiek guztiak mobilizazioen bitartez izan dira, eta ez daukagu geratzeko asmorik. Pentsiodunen arteko batasuna inportantea izan da; jendeak astero izaten diren mobilizazioetara erantzuten du. Gabonetan jai izan dugu, eta berriz ere indartsu etorri gara; hurrengo astelehenean ere Gasteizko Plaza Berrian izango gara, 12:00etan.
Zein da elkarteko pentsiodunen egoera?
Denetarik dago. Ni neu ez nago kexatzeko moduan, urte asko kotizatu eta lantegian hitzarmen onak izan genituen, asko negoziatu eta borrokatu ostean; baina oso bestelako da egoera inguruan. Azken urteetan kotizatu ez duten lagun ugari daude, eta emakume gehienek etxean lan egiteagatik ez dute kotizatu. Etxeko lanari ere behar duen balioa eman behar zaio. Denok dugu eskubidea soldata duina izateko. Belaunaldi bat gara borroka egin duena lan hitzarmen on bat lortzeko, eta orain, berriz ere, pentsioengatik kalera ateratzea tokatzen zaigu. Baina hau ez da momentuko borroka bat bakarrik, etorkizunekoa ere bada, pentsiodunen egoera onak beste guztia baldintzatuko duelako.
Zahar egoitzetako lan baldintza duinen protestara ere gerturatu zarete, beste eskaera batzuen artean.
Dirurik ez daukanak etxean izan behar ditu gurasoak, eta guk plaza publikoak egotea nahi dugu. Eta horri lotuta lan baldintza duinak eskaintzea. Langileentzako gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izan behar da, eta egun ditugun milaka eta milaka kontratu prekarioekin amaitu behar dugu.
Greba egiteko zalantza izan dezake gazteren batek...
Hainbat gaztek pentsiodunen gorabeherak urrun ikusten badituzte ere, esan behar diegu eurek ere hamaika arazori egin behar diotela aurre, lan kontratu prekarioei, besteak askoren tartean; asko dira diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak euren lanarekin iristen ez zaielako. Argi dago denen arazoa dela hau. Pentsioen borrokaz harago, eskubideak daude jokoan.