Bertsoak hartuko du, besteak beste, asteburuko Euskararen Agenda

Erredakzioa 2020ko urt. 24a, 15:00
Iñaki Viñaspre arituko da bertsotan, besteak beste, Gaztetxeko V. Freestyle txapelketaren azken edizioan.

Abian da Arabako Bertso Kuadrillarteko seigarren edizioa; lehenengo hitzorduak Aramaion, Laudion eta Korresen izango dira. Bestetik, Oxigenoa euskarari 6000 metroan ere dokumentalaren proiekzioa izango da igandean, Gasteizen.

Bertsozaleentzako hitzorduekin hasiko dugu asteburu honetako Euskararen Agenda. Izan ere, abian da bi urtean behin bertso eskolek eta Arabako Bertsozale Elkarteak antolatzen duten Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Seigarren edizioa da aurtengoa, eta hiru hitzordu izango dira gaur: Aramaio (Marixeka Elkartean), Laudio (Basalarrina Elkartean) eta Korres (tabernan). 20:30ean hasiko da Aramaioko saioa, eta 21:00etan beste biak.

Larunbatean, Aiaraldeko etxeko txikienek Sorgin Zapatuak ekintzaren beste saio bat izango dute, ohi bezala, Laudioko Lamuza parkeko Frontoi Etxean. Ibarrolaren baso margotuaren moduko zerbait egiteko eskulana antolatu du Arima taldeak, 17:30etik 19:30etara. Bestetik, bertso saioa izango da ere Gasteizko Gaztetxean, V. Freestyle txapelketaren azken edizioaren harira. Azkenekoz ospatuko da Ekaitz in da House txapelketa, Ekaitz Samaniego Gaztetxean izango baita azkenean. 19:00etatik aurrera izango da hitzordua.

Igandeari dagokionez, beste hainbat ekintza artean, sukalde-txiki tailerra antolatu dute Bea-Murgia etxean. 11:00etatik 13:00etara izango da 12 urte arteko haurrentzat sukaldaritzan murgiltzeko aukera. Bestetik, Gasteizera bueltatuz, Felipe Uriartek zuzendutako Oxigenoa euskarari 6000 metroan ere dokumentala proiektatuko dute, Adurtzako gizarte etxean, 18:00etan.

Asteburukoaz gain, astean zeharreko ekintzak ere biltzen ditu Euskararen Agendak. Denetarik eta adin guztientzat. Sartu eta kuxkuxeatu!

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide