Gabonak aurretik Baskonia iparra galduta zegoela nabarmena zen. Taldeak partida asko jarraian galdu zituen, eta, porrotaz haratago, lehiatzeko gaitasun eza izan zen kritika gehien jasotzen zituen arloa. Baskoniak bere “izaera” aldarrikatu du urteetan zehar, kantxan lehendabizi eta promoziorako aldarrikapen bezala ondoren. Tamalez, taldeak ez dio izaera horri eutsi aurtengo denboraldi hasieran eta zaletuek ilusioa galdua zuten aspaldi.
Aitzitik, azken partidan Real Madrilen kontrako garaipenak taldearen animoan eragina izan duela ikusi ahal izan da gaurkoan ere. Markagailuan atzetik joan arren, garaipena lortzeko lanean jarraitu dute jokalariek, eta Buesa Arenan bildutakoen zorionerako egindako lanak saria izan du azkenik.
Urte hasieran helburu bezala jarritako Top 8rako sailkapena lortzea zail izango du oraindik taldeak. Baina beheranzko joera irauli eta, aspaldiko partez, ilusio zantzuak ikusi ahal izan dira jokalari eta zalegoaren artean.