Karra Elejalde eta Ainhoa Santamaria, Goya sarietarako prest

Erredakzioa 2020ko urtarrilaren 23a

Miguel de Unamunoren papera egin du Karra Elejaldek. / 'Mientras dure la guerra'

Alejandro Amenabarren 'Mientras dure la guerra' pelikulan egindako lanagatik izendatu dituzte biak.

Arabako ordezkaririk ez da faltako aurten Espainiako Zinema Akademiak ematen dituen Goya sarietan. Larunbatean, hilaren 25ean, Malagan banatuko dituzte sariok, eta hantxe izango dira Karra Elejalde eta Ainhoa Santamaria aktore arabarrak.

Bi sortzaileak Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra pelikulagatik izendatu dituzte. Karra Elejalde aktore gasteiztarrak hirugarren Goya jaso dezake larunbatean Miguel de Unamunoren paperagatik; aurretik También la lluvia (2010) eta Ocho apellidos vascos (2014) pelikuletako lanagatik jaso ditu. Antonio Banderas, Antonio de la Torre eta Luis Tosar izango ditu oraingoan lehiakide.

Ainhoa Santamariak, berriz, lehendabiziko izendapena du hauxe; errebelazio aktore onenaren saria jaso dezake Amenabarren pelikulan egindako Enriqueta Carbonellen paperagatik. Pilar Gomez, Benedicta Sanchez eta Carmen Arrufat ere izango dira lehian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago