Bertsoak

Martxan da Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa

Erredakzioa 2020ko urt. 21a, 09:59
Txapelketaren seigarren edizioa aurkeztu dute Aramaion. / Argazkiak: bertsozale.eus

Bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa aurkeztu dute Aramaion. 2020ko edizioak Txapelketa formatua izango duela azaldu dute, eta 280 parte hartzailetik gora izango ditu.

Iaz banakakoa jokatu ondoren, bi urteko zikloa jarraitzera dator taldekako egitasmo hau. "2010eko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarentzat", adierazi du Bertsozale Elkarteak. Aurtengoa seigarren edizioa izango da.

2018ko bideari eutsita Txapelketa formatua izango du aurtengoak ere eta orain arteko bidean sakontzea izango du xede: "Arabako bertsolaritzak  urteetan eraikitzen joan den mugimendua saretu eta indartzeko". Bi modalitate daude taldekako Txapelketan parte hartzeko: bat-batekoa eta idatzizkoa.

Hamabi talde bat-bateko modalitatean 

Bat-batekoari dagokionez, 12 talde osatu dira. Hiru eta sei bertsolari artean arituko dira kantuan, eta horiekin batera, gai-jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak. Guztira 9-12 lagunek osatutako taldeek parte hartuko dute. Taldeak antolatzaile ere badirela azaldu dute; izan ere, herrietan edo eskualdetan saioak antolatzeaz arduratu dira.

Aurtengo edizioan, guztira, 63 lagun ariko dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 gai-jartzaile gisa, eta gainerakoak bestelako funtzioetan; hala nola, kronista, argazkilari, sukaldari edo musikari. Talde bana osatu dute Aiaraldean eta Mendialdean; Lautadaren kasuan, bi talde izango dira; Gorbeialdean hiru; eta Gasteizen bost talde sortu dituzte.

Idatzizko bertsolaritzan hamasei talde

16 taldek hartuko dute parte idatzizko modalitatean. Gazte Asanbladak, Mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak edota bertso eskolako kideak izango dira modalitate honen parte hartzaileak. "Bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte", azaldu du Bertsozale Elkarteak.

Arabako zortzi eskualdetako ordezkariek parte hartuko dute idatzizkoan, eta bat-bateko modalitatearen saioak egiten direnenean parte hartuko dute.

Martxoaren 28an, finala Murgian

Urtarrilaren 24tik martxoaren 28ra arte luzatuko da aurtengo edizioa, Bertso-eskolen eta Arabako Bertsozale Elkartearen arteko antolakuntza konpartituari esker. Egitasmoa "izaera kolektiboan eta bertsolaritza herrikoian oinarrituta" dagoela azpimarratu dute.

Hamabi saio izango dira kanporaketa fasean:

  • Urtarrilaren 24an eta 25ean, hiru saio: Laudion, Gasteizen eta Aramaion.
  • Otsailaren 1ean, bi saio: Gasteizen eta Zalduondon
  • Otsailaren 7an eta 8an, lau saio: bat Mendiolan eta hiru Gasteizen.
  • Otsailaren 14an eta 15ean, hiru saio: Agurainen, Murgian eta Aramaion.

Finalaurrekoak hiru saiotan banatuko dira:

  • Otsailaren 29an, lehen finalaurrekoa: Aguraingo Zabalarten.
  • Martxoaren 7an, bigarren finalaurrekoa: Aramaioko Sastiñan.
  • Martxoaren 14an, hirugarren finalaurrekoa: Amurrioko Kultur Etxean.

Azkenik, martxoaren 28an ospatuko da finala, Murgiako Palatu kirol eremuan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide