ALAVES - LEVANTE

Alavesek merezimendu osoz irabazi du Levanteren zelaian

Ibon Gorrisi 2020ko urt. 20a, 10:58
Bertaratu diren zaleen poza izugarria izan da. / ALAVES

Bigarren zatian 0-1ekoa egin du eta kontraerasora jokatuz erakustaldia eman du.

Alavesek garaipen oso garrantzitsua lortu du etxetik kanpo Levanteren zelaian. Denboraldi honetan etxetik kanpo lortzen duen bigarrena eta, Eibarren aurka bezalaxe, kontraerasora jokatuz erakustaldia eman du. Aukerak oso-oso garbiak izan ditu gol gehiago egiteko, baina Aitor Fernandez atezainak egindako geldiketak mota guztietakoak izan dira.

Lehen zatian, oso gol aukera gutxi izan dira. Talde arabarra ondo baino hobeto kokatu da eta, ohi bezala, golik ez jasotzeari eman dio garrantzia. Levante atzeko lerrotik abiatuta jokoa sortzen ahalegindu da. Halere, ez da gauza izan area ingurura hurbiltzeko eta sorturiko arriskua kanpotik egindako bi jaurtiketa izan dira. Alavesek presio izugarria egin du, batzuetan baloiaren irteeran, bestetan zelai erdian. Aukera garbiena Lucasek izan du. Camarasak baloia lapurtu eta berehala sakonean sartu dio aurrelariari, honek area barruan egindako errematea gehiegi gurutzatu du eta kanpora joan da.

Bigarren zatian hasi bezain pronto Lucasek kontraeraso azkar batean ia-ia futbol zelai osoa zeharkatu du eta nekearen eraginez oso jaurtiketa kaxkarra egin du. Handik gutxira, 64. minutuan, beste kontraeraso batean, Laguardiak luze jokatu du, Lucasek buruz orraztu du zelai erdian, Joseluk jaso eta aterantz jo du zuzen eta pase bikaina eman dio Aleix Vidali, eta honek Aitor atezainaren aurrean ez du hutsik egin. Hortik aurrera Alavesek erakustaldia eman du Ciutat de Valencia futbol zelaian. Levante taldea erabat itzali da eta kontraeraso azkarrak bata bestearen atzetik etorri dira. Aitor Fernandez arrasatearra izan da, ezbairik gabe, Levante taldeko jokalaririk onena. Izan ere, Manu Garciaren, Borja Sainzen eta Lucasen erremate garbiak gelditu ditu.

Garbi dago taldea partidarik partida nortasuna finkatzen ari dela. Hau da, atzean zirrikiturik ez utzi golik ez jasotzeko, zelai erdian lan eta lan egitea eta aurrealdean azkar jokatzea. Hurrengo norgehiagoka, datorren larunbatean, 18:30ean Vila-realen aurka. Ea kanpoan lorturikoa etxean errepikatzen den!

Levante: Aitor Fernandez, Coke, Cabaco, Postigo, Toño, Morales (66’. Hernani), Radoja, Melero (55’. Bardhi), Campaña, Borja Mayoral (79’. Sergio Leon), Roger.

Txartel horiak: 42’. Melero, 87’. Cabaco

Alaves: Pacheco, Ximo Navarro, Laguardia, Ely, Duarte, Aleix Vidal (82’. Pere Pons), Manu Garcia, Camarasa (88’. Martin), Luis Rioja (63’ Borja Sainz), Lucas Perez, Joselu.

Txartel horiak: 39’. Ely, 67’. Ximo Navarro, 70’. Duarte, 87’. Camarasa.

Golak:

0-1: 64’. Aleix Vidal

Ciutat de Valencia futbol zelaiko harmailak:

17.800 ikusle bildu dira partida ikusteko. Sarrera oso ona izan da Ciutat de Valencia futbol zelaian, oso gutxi falta izan zaio betetzeko. Alaveseko zale batzuk bertan ere izan dira eta eguraldi ona aprobetxatuz taldea animatzen izan dira. Giro oso polita izan da eta, zer esanik ez, partidaren amaieran zaleen poza izugarria izan da.

Alde Zaharreko tabernetan hitz eta pitz

Eguraldia lagun, Alaveseko jarraitzaile asko bildu dira Alde Zaharreko tabernetan eguerdiz partida ikusteko. Giro paregabea.

"Gaur garaipena lortzeko eguna izan daiteke. Levante taldeak oso alai jokatzen du eta hori guretzako oso ona baita. Baina ikusiko dugu".

"Begira, Camarasa hasierako hamaikakoan. Ongi etorria. Jokalari honek asko eman zuen bere garaian eta erdilari ona da guretzako".

"Ia-ia betiko hamaikakoa. Beno, Wakaso joan zaigu Txina aldera, ez al da?".

"Aupa Alaves, ondo ari dira. Garitanok arrazoia du, oso garrantzitsua baita golik ez jasotzea, gero gerokoa. Horixe bera esan zuen gure Mane entrenatzaile maitiak. Bada, oso inportantea da."

"Ai, ai, Lucas, Lucas, zer aukera garbia izan duzun!".

"Beno, Levantek ez du ezer egin lehen zatian eta aukerarik garbiena guk izan dugu. 0-0, hor gaude".

"Gooooooool! Aleix Vidalek egin du, kontraeraso azkarra eta oso ondo eramanda".

"Zer nolako aukera, Borja Sainz, Borja, baina hau da hau, ze jaurtiketa ustela. Baina, hau al da gure taldea. Ze ondo jokatzen ari den."

"Pachecok, oraindik orain, ez du inongo geldiketarik egin. Haiek partidatik kanpo daude."

"Oso ondo atzealdean, zelai erdian zoragarri eta aurrealdean bakar-bakarrik golak egitea falta zaigu".

"Hobe, hobe, garaipena, hiru puntuak eta sailkapenaren erdialdera."

"Orain saskibaloian ea Baskoniak irabazten dion Real Madrili".

"Aupa Alaves!".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide