Informazio zurrunbiloa dagoen garai hauetan, zer garrantzia dute tokiko albisteek?
Jendeak gertukoen dituenen berri izan nahi du, eta uste dut tokiko informazioak garrantzia handia izaten jarraitzen duela. Are gehiago gaur egun; Japonian gertatzen denaren berri izan nahi du, baina etxe ondokoa ere ezagutu nahi du. Kazetaritzan hasi nintzenean beharbada ez zitzaien hainbesteko garrantzia ematen, eta orduan hasi ziren ETBn tokiko albistegiekin.
'Herrian' programa prestatzeko zeintzuk dira informazio iturriak? Nola antolatzen duzu saioa?
Normalean ez dago prentsa deialdirik eta prentsa oharrik programa honetarako. Nik sortutako agendarekin antolatzen dut, eta urteetan bildutako kontaktuekin edo sor daitezkeenekin. Araban batetik bestera ibili naizenez urte askotan, ezagun ugari ditut inguruetan. Bestalde, urteroko hitzorduak izaten dira, eta horiei ezin diegu hutsik egin. Eta iradokizun ugari ere jasotzen ditugu herrietatik, kontzejuetatik... Ostegun honetan, esate baterako, Kuartangotik egingo dugu saioa, txotx denboraldiaren irekiera dela eta.
Ezagutzen dugu Araba? Herrietan gertatzen dena ezagutzen dugu?
Uste dut ezjakintasun handia dagoela. Gasteiz eta herrien artean batik bat, baina baita herri batetik bestera ere. Lurralde horren anitza eta zabala denez, Arabako Errioxatik Añanara edo Aiaraldeara hain desberdina denez, badago ezjakintasun bat, baina uste dut, era berean, jendeak baduela jakinmina batean eta bestean gertatzen denaz.
Irratiak nolako indarra du gaur egun tokiko informazioa emateko?
Uste dut osasuntsu dagoela irratia, eta datuek hala erakusten dute. Egia da adineko jende askok jarraitzen gaituela irratitik, Radio Vitoria entzuteko ohitura dutelako besteak beste, baina gazteak ere batu dira podcasten bitartez batik bat.
Zer deskubritu duzu 'Herrian' saioarekin?
Niretzat ez da egon ezusteko handirik, asko mugitu izan naizelako herrietako azoka, jai eta bestelako ekitaldietan, eta ibilaldi asko egin dut aurretik. Baina beharbada kontzejuen lan egiteko modua da harritu nauen gauzetako bat. Oso desberdin funtzionatzen dute Arabako Errioxako lau kontzejuek, Aiaraldekoek edota Lautadakoek; eurekin hitz eginez ezagutu dut barneko lan egiteko, deialdiak egiteko edota elkartzeko modu zeharo desberdinak dituztela batetik bestera. Kontzejuen berezitasunak oso kuriosoak dira, eta ezezagunak askorentzat.