Garaipen bat baino gehiago

Aritz Martinez de Luna 2020ko urt. 19a, 21:07
Pierria Henry izan da partidako jokalaririk onena. Argazkia: ACB-Photo V. Carretero

Real Madrilen etxean garaipena lortu du Baskoniak (94-95).

Aste gogorrak bizi izan ditu Baskoniak azken boladan. Denboraldi hasiera traketsak taldearen animoan eragin zuen eta, burua makurtuta, garaipenik lortu ezinda ibili dira gasteiztarrak azken boladan. Errege Kopatik kanpo geratu ziren azkenik, Euroligan playoffak erdiestea oso zail izango dute eta Ligan garaipen baino porrot gehiago izan dute gaur arte (8-9).

Baina denboraldiak ez du etenik, eta egoerari bueltan eman nahi izatekotan egunez egun aurkituko dituen erronkei eustea besterik ez dute izango gasteiztarrek. Egoera horretan, Dusko Ivanovicek taldearen gidaritza hartu zuenetik, taldeak beste aurpegi bat erakusteko saiakera egin du. Argi-izpi batzuk ikusi arren, garaipenak garesti daude lehiaketan eta azken urteetako denboraldirik traketsenean murgilduta jarraitu du Baskoniak.

Gaurkoan aldiz, inork pentsa ezin zezakeen tokian, eta azken urteotan Europan onenen artean dagoen Real Madril taldearen kontra garaipena erdiestea lortu du. Baliteke Baskoniak urteko partidarik onena jokatu izana. Min hartutako jokalari sortak ahulduta egon arren, eta azken zazpi egunetan 11.000 kilometroko bidaia egin ondoren, eta Errusian Euroligako bi porrot jaso ostean, jokalariek aurrera pausu bat eman dute.

Kirolak batzuetan baditu horrelako gauzak, eta gaurkoan, azkenik, garaipen garrantzitsua ekarriko du taldeak etxera. Aho zapore gozoarekin egingo dute etxera bueltako bidaia, baina dinamika onari eutsi nahi izatekotan, ezingo dute ospakizunetan luzatu. Ostegunean (21:00) Khimki izango dute Zurbaoko kantxan bisitan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide