Elurraren zain, dantzan eta bertsotan

Erredakzioa 2020ko urt. 17a, 11:56
Igandean izango da Ilunabarrean Dantzan zikloaren lehenengo saioa, Aniez Cecconen eskutik. / Oihaneder Euskararen Etxea

Hamaika ekintzarekin dator asteburu honetan ere Euskararen Agenda. Besteak beste, Gose taldean aritutako Ines Osinaga arrasatearra izango da Arrastiak Faktorian zikloan, eta GEUrekin mendira taldeak Baio-Mirutegi ingurura irteera egingo du.

Eguraldiaren iragarpenak elurra Arabara iritsiko dela badio ere, etxetik ateratzeko gonbita egiten du Euskararen Agendak, asteburuko hitzordu ezberdinekin.

Gaur bertan, besteak beste, Hala Bedik urtero antolatzen dituen Izan Media herri komunikazio tailerrei hasiera emango diete. 17:00etan 'Prentsa eta sare sozialak' ikastaroari ekingo diote, Hala Bedi Irratiko ondoko lokalean. Bestalde, Legution bertso jaialdia egingo dute; Aitor Bizkarra, Ane Labaka Mayoz, Maialen Lujanbio eta Iñaki Viñaspre bertsolariek parte hartuko dute, Kultur Etxean, 20:00etatik aurrera.

Larunbatean ere bertsolaritzaz gozatzeko parada izango da. Kasu honetan, Aramaion 51. Bertso Eguna ospatuko dute, 12:30etik aurrera. Toki ezberdinetan banatuta, beste bertsolariren artean, Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Miren Artetxe ikusteko aukera izango da. Kultura alde batera utzi gabe, Arrastiak Faktorian zikloaren emanaldi berri bat programatu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Oraingo honetan, Ines Osinaga (Gose) arrasatearra izango da Laudioko Faktorian, Alutik bakarkako lanarekin, 20:00etatik aurrera.

Asteburua behar bezala agurtzeko, GEUrekin mendira taldeko lagunek Baio-Mirutegi ingurura irteera antolatu dute iganderako. Ohi duten moduan, Mendizorrotzako aparkalekutik irtengo dira, 8:30ean. Bestalde, Ilunabarrean Dantzan zikloa bueltan da bosgarren urtez, eta 19:00etatik aurrera Aniez Ceccon izango da aurtengo lehenengo saioko gidaria.

Horiek ez dira Euskararen Agendak eskaintzen dituen ekintza bakarrak. Beraz, planik ez baduzu, sartu atalean eta kuxkuxeatu! Asteburu on!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide