Eta gizakiok, ikusi al ditugu Orion baino haratago sutan zeuden ontzien aurkako erasoak?
Zorionez igaro da 2019. urtea eta berarekin batera Blade Runner zaleon amesgaiztoa. Iritsi gara 2020ra, eta oraindik erreplikanteek ez gaituzte erretiratzen, ez digute betiko erretreta ematen.
Ez pentsa, bazegoen kezka, urduri geunden ea noiz azalduko Nexus-6 androideak gu behingoz kaleetatik atera eta pikutara bidaltzeko. Susmo zabaldua zen apurka-apurka mantsotu ondoren, artaldea bildu eta amaierako deskarga emango ote ziguten.
Izan ere, ingurukoak atzera begirako erakusketak antolatzen hasiak ziren, borrokalariak ginen garaiko argazkiak biltzen, eta ausartenek Greba Orokorra deitua zuten urteko lehen hilabeterako azken protesta ikur eta matxinada asmo gisa.
2019ko azaroan hildako apur batzuk baino ez zen izan, baina urrutiko lekuetan eta arma konbentzionalek eraginak izan ziren gehienak, ez zegoen artean kezkarako argudiorik. Gugandik gertuago, "betiko" hilak izan ezik, gauza gutxi; hilketa matxistak eta lan istripuetan hildako langileak inoiz ez ziren sartzen estatistika terroristetan, gizartearen betiko ajeen albo-kalteak baino ez ziren.
Horrela joan zitzaigun, ohartzeke, iazko urtea, eta erreplikanteen arrastorik ez ingurumari hauetan.
Baina 2020a arriskutsu hasi denez, hobe dugu egunerokoari atxiki eta bizi. Nik neuk baditut hainbat plan hurrengo egun eta asteetarako: musika kontzertu ezberdinez gozatu, aldizkari honen Zortziak 5 ALEAn erakusketa Oihanederren ikusi, mendi osteratxoren bat lagunekin egin, eta hilaren 30erako deituta dagoen Greba Orokorrean parte hartu.
Erreplikanteek gu erretiratu aurretik, erretreta duinak borrokatu beharko ditugu.
Ba al da modu hoberik suntsipen egunerako bere oparotasuna janzten ari den aro honi aurre egiteko?