Mintzalaguna

Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzeko bigarren izen ematea zabalik

Erredakzioa 2020ko urt. 15a, 11:00

22 herrialdetako 7.000 lagun baino gehiagok hartzen dute parte. / Argazkia: Mintzalaguna

TÚtik GUra lelopean, "Mintzalagunon mundura" salto egiteko gonbidapena luzatu die Euskaltzaleen Topaguneak euskaltzaleei. Izena emateko epea zabalik egongo da otsailaren amaiera arte. Momentuz, Gasteizen ez da epea berriro zabalduko.

Gaur egun, 22 herrialdetako 7.000 lagun baino gehiagok hartzen dute parte Mintzapraktika egitasmotan, Mintzalagun egitasmoak barne.

"Lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean" euskaraz aritzeko, Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko aukera zabalik egongo da otsail amaiera bitartean.

Irailean, ikasturte hasierarekin batera, Mintzalagun talde berriak sortu ziren: Bidelariak eta Bidelagunak astero ari dira ordutik, "elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz", azaldu du Topaguneak. Orain, bigarren izen emate deialdia abiatu dute, "komunitatea sendotzeko" helburuarekin.

Izena emateko aukera eta informazioa herri edo eskualdeko euskara elkarteetan, euskaltegietan, Udalean edo mintzalaguna.eus webgunean topatu daitekeela azaldu dute.

Mintzalagunak "euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko, euskara maila hobetzeko edota euskaraz gozatzeko" apuntatzen direla azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek. Horren ondorioz, "harreman sarea sendoa eta iraunkorra" dela diote.

Mintzalaguna, "euskaraz bizitzeko"

"Euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko" elkartzen dituen programa da Mintzalaguna. Talde txikiak egiten dira, eta astean behin ordubetez elkartzen dira paseoan, kafetegian, parkean... "Euskaraz aritzeko eta euskaraz bizitzeko" helburua du programa honek.

Gainera, parte hartzeko bi modu daude: Bidelari bezala, euskara praktikatuz; eta Bidelagun bezala, euskara praktikatzen lagunduz. Berbalagun bihurtzeko baldintza bakarrak 16 urtetik gorakoa izatea, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira.

Postalaren Jolasa

Izen ematearekin batera, Postalaren Jolasa ere martxan jarri dute otsailaren amaiera arte. Mintzalagunek, banatu zaien postala inguruko pertsona bati bidali eta hau Mintzalagun izatera gonbidatzen badu, landetxe batean asteburu pasa baten zozketan sartuko dira; postala bidali duen Mintzalaguna eta postala jaso duen pertsona.

Zozketan parte hartzeko, bidalitako eta jasotako postalarekin argazkia atera eta mintzalaguna@topagunea.eus helbidera mezu bat bidali behar dute.

Zozketa otsailaren 29an egingo dute, Mintzalagunek egingo duten Mintzatxotx Sagardotegira irteeran. Ekimen honetan parte hartzeko azken eguna otsailaren 28a izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago