Euskal gaiei buruzko ikerketarako unibertsitate lehiaketa abian

Erredakzioa 2020ko urt. 13a, 13:50
Proiektuak hilaren amaieran aurkeztu behar dira. / Alea

Master eta doktoregoko unibertsitate-ikasleei zuzenduta dago Sancho el Sabio Fundazioak egindako deialdia.

Sancho el Sabio Fundazioak 2019ko Ikerketa Lehiaketarako deialdia egin du, Master eta Doktoregoko unibertsitateko ikasleentzat, euskal gaiei buruzko ikerketa eta Fundazioaren beraren fondoen erabilera sustatzeko helburuarekin. Lanak urtarrilaren 31ra arte entregatu daitezke, eta 1.000 euroko saria izango da.

Master eta Doktorego programetan izena emanda duten unibertsitate ikasleek izango dute parte hartzeko aukera, 1998tik egin den moduan. Ikerketa lan originalak eta argitaratu gabeak aurkeztu beharko dituzte, euskal gaiei buruzkoak, edozein arlotan edo alderditan (kultura, zientziak, historia, geografia, hizkuntza, literatura, artea, eta abar). Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez egin daitezke.

Ikerketa sustatzeaz gain, Sancho el Sabio Fundazioaren dokumentu-fondoen, fondo bibliografikoen, hemerografikoen edo beste edozein motatako fondoen erabilera sustatzea du helburu lehiaketa horrek. Horregatik, parte hartzeko ezinbesteko eskakizuna da fondo horiek erabiltzea, partzialki besterik ez bada ere. Era berean, proposatutako lanek egilea ikasle dabilen zentroko irakasle baten bermea beharko dute.

Lehiaketaren oinarriak Sancho el Sabio Fundazioan (Betoñuko Atea, 23) edo www.sanchoelsabio.eus webgunean daude interesa duen edonoren eskura. Epaimahaiaren erabakia otsailean jakinaraziko da, eta 1.000 euroko sari bat emango dute. Era berean, Fundazioaren aldizkarian argitaratuko dute. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide