ALAVES-BETIS

Alavesek puntu bakar batekin ekin dio urte berriari

Ibon Gorrisi 2020ko urt. 6a, 12:36
Alavesek ezin izan du geldiarazi andaluziarren jokoa. / ALAVES

Bana berdin egin du Betisen aurka Mendizorrotzean.

Alavesek aukera paregabea galdu du hiru puntuak eskuratzeko. Eguraldi primerakoa, igandea, arratsaldez, zaleen aurrean eta giro bikaina. Halere, taldeak bi aurpegi erakutsi ditu. Batetik, lehen zatian egindako jokoa: presioa, erasora, txukun jokatuz. Bestetik, bigarren zatiko ezina. Gainera, Betis taldea hamar jokalarirekin gelditu denean ez da gauza izan gol aukeraren bat sortzeko.

Talde arabarrak ondo baino hobeto ekin dio partidari. Lehen minututik presio ikaragarria egin du eta Betis ezinean aritu da bere jokoa egin ahal izateko. Joko horren ondorioz berehala etorri da saria. Izan ere, Aleix Vidalek areaz kanpotik egindako jaurtiketa atzelari baten hankan jo ondoren saretara joan da. Gol horrek konfiantza eman dio taldeari eta bide beretik jarraitu du. Minutuak joan ahala taldeak atzeratu ditu lerroak talde andaluziarra kontraeraso batean harrapatzeko. Atsedenaldira joateko unean epaileak Betisen aldeko penaltia adierazi du, bideoz lagundurik. Joaquinek egindako jaurtiketa Pachecok bikain geratu du. Atezainak, berriz ere, oso maila altuan ari dela erakutsi du.

Gauzak horrela, bigarren zatiko nondik norakoak denok aurreikusten genituen. Halere, Alavesek erakutsi duen aurpegia oso kaxkarra izan da. Kanpokoak  baloiaren jabe egin dira eta alderik alde mugitu dute. Oso erraz gerturatu dira area ingurura. Antzematen zen jokaldi batean edo bestean berdinketa etorriko zela. Baina, geldikako jokaldi baten bitartez Betisek berdinketa lortu du. Ezkerretik egindako falta jaurtiketa Emersonek oso erraz buruz errematatu du eta sarera bidali du.

Hortik aurrera, bide beretik joan da partida. Betis jaun eta jabe eta Alavesek ezin geratu andaluziarrek sortutako jokoa. 78. minutuan epaileak, bideoa ikusi eta gero, Feddal atzelariari txartel gorri zuzena erakutsi dio. Jokaldi honek partida goitik behera aldatuko zuela batek baino gehiagok pentsatu du. Baina usteak erdi ustel. Izan ere, talde arabarrak minutu horietan ez du gol aukerarik sortu eta aurreko minutuetan bezalaxe aritu da, hau da, ezinean.

Dagoeneko lehen itzulia bukatu da. Sailkapenean 20 puntu ditu eta esan genezake lanaren erdia egina dagoela. Halere, taldeak zalantza asko sortzen ditu. Taldeak ez du jarraikortasunik bere jokoan. Hurrengo aurkaria Levante izango da urtarrilaren 18an, 13:00etan. Aukera ezin hobea etxetik kanpo garaipena lortzeko.

Alaves: Pacheco; Ximo Navarro (69’. Martin), Laguardia, Ely, Duarte; Aleix Vidal (79’. Pere Pons), Manu Garcia, Wakaso (85’. Burke), Luis Rioja; Lucas Perez, Joselu.

Txartel horiak: 21’. Joselu, 34’. Wakaso, 45’. Duarte, 45’. Manu Garcia, 45’. Ximo Navarro, 67’. Luis Rioja, 92’. Martin.

Betis: Joel Robles; Emerson, Mandi, Bartra, Feddal, Alex Moreno; Joaquin (73’. Lainez), Guardado, Canales, Fekir (81’. Aleña), Borja Iglesias (84’. Loren).

Txartel horiak: 33’. Fekir, 45’. Canales, 95’. Bartra.
Txartel gorria: 78’. Feddal.

Golak:

1-0: 15’. Aleix Vidal.
1-1: 54’. Emerson.

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

17.689 ikusle bildu dira Mendizorrotzean. Giro paregabea, ohi bezala. Egia esanda, oso gustura egoten da harmailetan: eguraldi zoragarria, kiroldegiko zaleak une oro animatzen, kantatzen. Partidaren hasieran minutu bateko isilunea gorde da Alaveseko presidente ohi Julian Ortiz Gil-en omenez. 

Harmailetan hitz eta pitz

Alde Zaharrean poteoan aritu ondoren eta pintxoak janda futbol zelaira. Hona hemen zaleen artean izandako elkarrizketak:

"Zer? Erregeek zerbait aurreratuko digute gaur, edo zer? Bada, ez dakigu, badakizu errepublikarrak garela. Gainera, gaur erabaki dugu ez dugula jokatuko saskibaloiko Errege Kopa. Horrexegatik, gaur jokalariek ez badute irabazten jai daukagu!".
      
"Beno, bada, hamaikakoa itxurosoa. Betikoa, ez al da? Bai, gutxi gora behera beti aritzen direnak".

"Hori da hori partida ondo baino hobeto hastea. Hori da talde honek egin behar duena, presioa, borroka, behin eta berriz hor egon".

"Golaaaa! Primeran, urte berriarekin batera garaipena. Benga, bada, berdin jarraitu egin behar dugu. Ikusiko dugu, entrenatzaile honekin seguru berehala atzean sartuko garela". 

"Uffff! Penaltia. Pachecooooo, Pachecoooo, hori da hori atezaina. Ez erregerik, ez inor, San Fernando Pacheco".

"Baina, zer gertatu da aldagelan. Taldea aldatu digute. Ez dira gauza baloi bat bera ere mozteko. Atzean sartuta egonda, berehala berdinketa eta gero ikusiko dugu ea zer egiten dugun".

"Berdinketa. Ez dago ulertzerik, falta baten ondorioz gola. Azken bolada honetan atzealdean ez dira oso fin aritzen".

"Taldeak aldaketak behar ditu, bestela galduko dugu partida. Seguru". 

"Orain aukera izango dugu. Txartel gorri zuzena. Epaileak asmatu du, ezbairik gabe. Ikusiko dugu orain, orain aukera paregabea garaipena lortzeko".

"Ze pena! Berdinketa eta eskerrak! Beno, hogei puntu beste horrenbeste lortu behar dugu mailari eusteko. Aupa Alaves". 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide