2009ko apirilean atxilotu zuten Samaniego, Gasteizko tranbiaren geltoki bat erasotzeagatik. Auzitegi Nazionalak zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta. Helegitea aurkeztu zuen Samaniegok eta, azkenik, zortzi urteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak.
2011ko abenduan, bere askatasuna aldarrikatzeko Ekaitz Etxean kanpaina abiatu zen eta Gasteizko Los Angeles elizan itxialdia egin zuen Samaniegok. Bertan, eragile politiko, sozial, sindikal eta kulturalen babesa jaso zuen gazte gasteiztarrak.
Abenduaren 31n atxilotze agindua iritsi zen eta izkutatzea erabaki zuen Ekaitz Samaniegok. Hamabost egun izkutatuta eman ostean, Gasteizko Corte Inglesean berragertu zen 2012ko urtarrilaren 14an, Matrioska Martxa izeneko manifestazio jendetsuaren ostean. "Epaiketa politikoen" aurkako pankarta batekin azaldu zen gaztea.
Berehala agertu zen Ertzaintza, Samaniego atxilotzeko. Ordutik, zortzi urteko espetxe zigorra osorik bete du gazte gasteiztarrak. Murtziako espetxean igaro ditu zigorraren urte gehienak, baina 2019ko ekainean Zuerako espetxera lekualdatu zuten.