Abiadura Handiko Trena

Altsasu eta Miranda arteko tren sozialaren aldeko sinadurak bilduko dituzte

Erredakzioa 2020ko urt. 2a, 14:37
Proiektua martxan jartzeko eskatuz sinadura bilketa abiatuko dute. / Argazkia: Alea

Abiadura Handiko Trenaren kontrako plataformek Araban "kalitatezko trenbide zerbitzua" lortzea dute helburu. Horretarako, egun dagoen korridorea erabiltzea, trenen maiztasuna areagotzea, geltokien sarea hobetzea eta landa-guneak hiriarekin lotzea proposatzen dute.

AHTrik Ez Araba plataformak bultzatuta, Altsasu eta Miranda Ebro arteko tren sozialaren proiektua martxan jartzeko eskatuz sinadura bilketa bat egingo dute hurrengo hilabeteetan.

Gogorarazi duten bezala, 2017. urtean Miranda Ebro eta Altsasu arteko trenbidearen optimizazioaren inguruko ikerketa bat egin zen, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak eskatuta.

2018ko martxoaren 21an, Sustapen Ministerioarekin eta ADIFekin aipatutako ikerketa martxan jartzeko negoziazioa bultzatzea eskatu zioten Arabako Batzar Nagusiek Foru Gobernuari, erabateko adostasunez. "Orain arte ez da aurrerapen handirik egin", salatu dute plataformatik.

Lan honen ondorioak gogora ekarri dituzte: "Kopuru txikiko gastua eginda, Arabako biztanleriaren parte garrantzitsu bat barne hartuko lukeen kalitatezko zerbitzua emateko aukera egongo litzateke". Modu horretan, lurraldearen zati handi bat egituratuko litzateke eta trenbide korridoreko landa-guneak zein industrialdeak hiriarekin elkartuko lirateke, plataformaren arabera.

Horrez gain, AHTaren aurkako mugimenduak urtarrilaren 30ean deituta dagoen greba orokorrarekin eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak proposatutako aldarrikapenekin bat egingo duela adierazi dute: "Bizi-kalitatea, pentsioak eta lan baldintzak hobetu ahal izateko ezin da dirua mega-azpiegituretan xahutu", azaldu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide