Ordezko medikua agindu die Osakidetzak Zanbranako eta Berantevillako alkateei

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko urt. 2a, 16:00
Aitor Abezia Zanbranako alkatea eta Mario Perea Berantevillako alkatea, agerraldian. E.L.

Iragan abenduan, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin zuten alkateek lehen mailako osasun-arretan dituzten gabeziak salatzeko.

Gaurtik aurrera, Ribabellosan, Zanbranan, Berantevillan eta Urizaharrean aritzen diren lau medikuen bajak eta oporrak kubritzeko, ordezko mediku bat izango dute. Modu horretan, lau mediku finko eta ordezko bat izango dituzte aurrerantzean Añanako eta Mendialdeko herri horietan, eta azken hilabeteetan sortu diren arazoak leunduko dira. Hala azaldu die Osakidetzak herriko alkateei.

Herriko osasun-zentroen egoeraren inguruan, Eusko Legebiltzarrean, agerraldia egin zuten egun berean jaso zuten berria Zanbranako eta Berantevillako alkateek, hain zuzen medikuen faltak herri txikietan bizi diren biztanleei eragiten dizkien arazoak salatzeko iragan abenduan egindako agerraldian. Pozik hartu dute biek erantzuna, baina Osakidetzari eskatu diote herri txikietako alkateekin elkarlana sustatzeko eta osasun-arretaren planifikazioa adosteko. Halaber, lehen mailako osasun-arretan aurreikuspen falta salatu dute, eta Osakidetzari gogoratu diote herrietako kontsultategien finantzaketa eta mantenua "bere ardura" dela, eta ezin duela udalen esku utzi, "orain arte egin duen bezala".

Kontsultategiak itxita

Egun, udalerri bakoitzak bere osasun-etxea eta medikua ditu, goizeko zortzietatik arratsaldeko hiruak arte. Orain arte, mediku bat falta zenean, Zanbrana, Berantevilla eta Urizaharraren artean bi mediku partekatu behar zituzten, ordezkorik ez zegoelako. Mediku bat beharrean, bi falta zirenean, mediku bakarrak artatu behar zituen hiru udalerrietako gaixoak. "Bi mediku falta direnean, batek Ribabellosan geratu behar du nahitaez, herririk populatuena delako, eta bestea hiru udalerrien artean banatu behar da; hortaz, kontsultategi bat ixtea beste erremediorik ez dago", azaldu du Mario Perea Berantevillako alkateak.

"Abendutik, Berantevillako kontsultategia bederatzi egunez egon da itxita, eta zazpi egunez, egunero, soilik hiru orduz artatu ditu gaixoak. Zambranakoa bederatzi egunez egon da itxita eta lau egunez, egunero, hiru orduz bakarrik irekita, eta Peñacerradako kontsultategia hamabi egunez itxita eta lau egunez hiru orduz irekita egon da". Osasun-zentroak itxita dauden egunetan beste herrietara joan behar dira gaixoak, eta sarritan jende zaharra denez ez dute autorik eta zaila suertatzen zaie medikura joatea. "Gasteizen osasun-zentro bat ixten badute, beste batera joatea posible da, autobusak dituzue, tranbia… Baina garraiobiderik ez duen Zanbranako andre bat, nola eramaten dugu?", galdetu du Aitor Abezia Zanbranako alkateak.

Halaber, herri txikietan dagoen oinarrizko "zerbitzuen falta" salatzeko baliatu du agerraldia Abeziak: "Ez dugu zerbitzurik. Ez dago oinarrizko zerbitzuen katalogorik. Oinarrizko zerbitzurik ez dagoelako husten ari da Araba. Eta osasun zentroak dira horietako bat".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide