Tradizio batetik bestera bidaia

Erredakzioa 2019ko abe. 27a, 09:52
Express Your Clown taldeko kideek inauguratuko dute Eguberrietako parkea. /EYC

Gasteizko Eguberrietako haur parkeak kulturartekotasunaren aldeko apustua egin du aurten, hainbat kulturatako jolasekin; Hegoalde gizarte etxean izango da, urtarrilaren 5era arte.

Munduko Eguberriak goiburu, hainbat kulturatako Gabonekin lotutako lantegiak, jolasak eta emanaldiak antolatu dituzte Gasteizko haur parkean. "Bidaia zoragarria izango da tradizioetan barrena, ezagunenetatik hasita urrunenetara, umeak zein helduak liluratuko dituena", azaldu du Estibaliz Canto kultura zinegotziak.

Hegoalde gizarte etxean paratuko dute jolas parkea, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era arte. Berritasun handiena inaugurazio ekitaldia izango da aurten, zinegotziak azaldu moduan. Express Your Clown konpainiaren eskutik emango diote hasiera jaiari hilaren 26an, 11:00etan. Hegoalde barruko atrakzio eta jardueren artean, puzgarri handiak, challenge pista, oihan abentura pista eta multicircus trena izango dira. Rokodromoa ere erabili ahal izango dute, eta kantxan agertokia jarriko dute animazioarekin. Erakusketa aretoan jokoen gunea jarriko dute: kabina simulagailuak, errealitate birtuala, play station jokoak eta lau miniarcade makina jarriko dituzte. Bestetik, igerilekuen txirrista handia, txalupak eta piraguak izango dira, eta hainbat gairi buruzko lantegiak ere antolatu dituzte: birziklatzea, Gabonetarako apaingarriak, sukaldaritza, kulturarteko dibertsitatea eta genero berdintasuna. Gizarte etxearen kanpoaldean ez da faltako tirolina handi bat, aerogiro bat, 3D simulagailu bat eta safari trena txikientzat.

Gabonetako jolas parkearekin batera, hurrengo egunetan antzerkia ere izango dute etxeko txikienek. Jesus Ibañez de Matauco antzokian hainbat antzezlan eskainiko dituzte arratsaldeetan; gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Irrien Lagunek eskainiko duten Irriak plazan lanarekin ekingo dute, abenduaren 26an, eta urtarrilaren 4an izango da azkena, Express Your Clown taldearen La vuelta al día en 80 mundos lanarekin. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide