Dusko Ivanovic izango da Baskoniako entrenatzailea denboraldia bukatu bitartean

Erredakzioa 2019ko abe. 24a, 19:29

Argazkia: Augustas Didžgalvis

Baskoniarekin titulu gehien irabazi duen entrenatzailea da Montenegrokoa.

"Dusko Ivanovic etxera itzuliko da" adierazi du Baskoniak gasteiztarren artean aski ezaguna den entrenatzailearen itzulera ezagutarazteko. Baskoniarekin bi liga eta lau kopa irabazi ditu Montenegroko entrenatzaileak, beste inork baino gehiago. Eta maldan gora jarritako denboraldiari buelta emateko, beregan konfidantza jartzea erabaki dute Baskoniaren bulegoetan. Denboraldia bukatu bitartean izango du kontratuta, eta Zurbaoko taldea entrenatzen bere hirugarren etapa izango da orain hasiko duena (2000-2005 eta 2008-2012).

Baskoniaren aurtengo ibilbidea nahiko kaskarra izan da; zazpigarren dago Ligan eta kolokan dauka Koparako sailkapena, eta hamairugarren postuan dago Euroligan azken bost partidetatik lau galdu ostean.

Ivanovic-ek ere, bere aldetik, ez du denboraldi ona izan orain arte. Besiktas taldearekin zuen kontratua eten berri baitu, denboraldi hasiera txar baten ondoren. Are gehiago, 2012an Baskonia utzi zuenetik, ez du arrakastarik lortu zuzendu dituen talde andanarekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago