Bartzelona ahalguztidunak ia-ia eragozpenik gabe irabazi dio Alaves taldeari Camp Nou futbol zelaian jokaturiko partidan. Emaitzak erabateko nagusitasuna adierazten badu ere, gauzak ez dira beti bide onetik joan talde kataluniarrarentzat. Izan ere, talde arabarrak 2-1ekoa markagailuan jarri duenean aukerak izan ditu berdinketa lortzeko. Baina holakoetan nor agertzen al da? Bada, Messi aurrelari paregabea. Berak 3-1ekoa egin du eta hor amaitu da ametsa.
Lehen zatian, Bartzelona jaun eta jabe izan da. Baloiaren jabetza izan du une orotan eta gainera bi gol egin ditu. Bazirudien kolpe gogorra jasoko zuela Alavesek. Baina gauzak nolakoak izaten diren! Bigarren zatian hasi bezain pronto ikusi baita talde kataluniarrak ez zuela inongo asmorik partida bizi-bizia izateko. Horren ondorioz, talde arabarrak lerroak aurreratu ditu eta gol izugarria egin du. 55. minutuan Duarte atzelariak ezker hegaletik egindako erdiraketa Pere Ponsek bikain errematatu du buruz eta saretara bidali du baloia.
Gol horrek Bartzelonaren argi gorriak piztu ditu. Hurrengo jokaldian kataluniarrak lo geratu dira eta Alavesek berdinketa egiteko aukera paregabea izan du. Eskerrak Ter Stegen atezainak hankarekin kornerra desbideratu duela. Jarraian korner baten ondorioz Duartek buruz errematatu du eta gutxigatik baloia zutoin ondotik kanpora joan da. Minutu hauek oso onak izan dira talde arabarrarentzat. Gainera, jokoa ikusirik harmailetan urduritasuna eta txistuak zabaldu dira. Halere, Bartzelona bezalako talde handi baten aurka ez dago barkatzerik. Hala gertatuz gero, beti agertzen da baten bat, gehienetan Messi, baina izan zitekeen Luis Suarez edo Griezman.
Taldeak itxura ona eman du zenbait unetan, lehiakor izan da, batez ere, bigarren zatian. Baina lehenengo zatian defentsa lana egitea izan da helburu bakarra. Normalean edota orokorrean erasoko jokaldiak egin gabe ia-ia ezinezkoa baita gola egitea. Gainera etxetik kanpo Alaves ez dabil ondo arlo horretan eta gol asko jasotzen ditu.
Taldeak urteari amaiera eman dio eta hurrengo urteari begira erronka handiak izango ditu. Ea urte berriarekin garaipena lortzen duen Betisen aurka.
Bartzelona: Ter Stegen, Sergi Roberto (84’. Semedo), Pique, Umiti, Alba; Vidal, Sergi Busquets (78’. De Jong), Aleña; Messi, Luis Suarez (84’ Carles Perez), Griezman.
Txartel horiak: 87’. Alba.
Alaves: Pacheco, Martin, Ximo Navarro, Ely, Duarte; Aleix Vidal (85’. Burke), Pere Pons, Manu Garcia, Wakaso, Javi Muñoz (52’. Luis Rioja), Lucas Perez.
Txartel horiak: 65’ Aleix Vidal, 66’ Wakaso, 73’. Martin, 83’. Ely.
Golak:
1-0: 14’. Griezman.
2-0: 44’. Vidal.
2-1: 55’. Pere Pons.
3-1: 68’. Messi.
4-1: 74’ Luis Suarez (penaltiz).
Camp Nou futbol zelaiko harmailak
63.054 bildu dira Camp Nou futbol zelaian. A zer nolako handitasuna, ikaragarria baita. Futbol zelaia baina zerbait gehiago ere bada. Izan ere, turista asko eta asko bertara hurbiltzen dira ikusteko. Harmailetan ere turista asko elkartu dira bertatik bertara partida ikusteko. Eta nola ez, Alaves zaleak ere bertaratu dira eta, ohi bezala, kantuan eta animoak ematen izan dira partida osoan zehar.
Aldeko Zaharreko tabernetan hitz eta pitz
Eguerdiz giro paregabea izan da Alde Zaharreko tabernetan. Jendeak gora eta behera gerora partida ikusteko. Hona hemen zaleek esandakoak:
"Ikusiko dugu gaur Bartzelonaren aurka. Denak dira onak, begira hamaikakoa Messi, Griezman, Luis Suarez, Alba, Busquest…".
"Eta gurean, nor da Javi Muñoz? Baten batek ezagutzen al du? Egun oso aproposa debuta egiteko".
"Beno, ikusten denez, lau atzelari, zelai erdian bost jokalari eta aurrelari batekin arituko gara. Bartzelonaren aurka horrela jokatzea, badakizue zer gertatuko zaigun, ezta?".
"Zain, zain, ikusiko duzue gola une batetik etorriko da. Haiek beti daukate baloia, orain eskuin aldera, orain ezker aldera, erdira, atzera. Egia da lerroak irekita jokatuz gero, golak leku guztietatik egiten dutela".
"Gola. Griezman. Orain, zer? Lerroak aurreratu edo zer egingo du Garitanok?".
"Beno, berdin jarraituko dugu. Halere, egiten duten jokoa batzuetan aspergarria baita. Beno, ea gol aukeraren bat sortzen dugun".
"Beno, ikusita lehen zatia eta gol bakarra jasotzea ez dago gaizki".
"Kaka zaharra. Bigarren gola. Maldan gora jarri zaigu".
"Golaaaaaa! Hori da, hori da gola. Denekin sartu da, zer-nolako gola sartu duen Pere Ponsek. Benga, Alaves, aurrera. Baietz posiblea dela".
"Ah! Ze aukera, Ter Stegenek desbideratu du. Benga, bada, berdinketa, baietz posiblea dela".
"Hau zorte txarra!, Loteria ez zaigu tokatuko, ez! Duartek merezi zuen gola egitea. Ze pena!".
"Messi, Messi, nola ez! Ikusi al duzue? Ze gola egin duen!, Bera bakarrik Alaveseko jokalariaz inguraturik egin du jokaldia eta gola".
"Beno, orain arte itxura ona eman dugu".
"Penaltia, baina zer da hau? Martinek ezin izan du ezer egin".
"Beno, Olentzero lau goleko zakua ekarri digu. Ea Erregeek Betisen aurka garaipena ekartzen diguten. Ez dakit bada, gu errepublikazaleak gara eta!".