Ogasunak espedientea ireki die bederatzi establezimenduri faktura ez emateagatik

Erredakzioa 2019ko abe. 18a, 17:28

Bazar, loradenda, farmazia eta ostalaritza dendetan kanpaina trinkoa egin dute.

Denda horiek 600 euroko isuna jaso dute faktura bezeroari ez emateagatik edo ez erregistratzeagatik.

Arabako Ogasunak espedientea ireki die Arabako bederatzi establezimenduri faktura ez egiteagatik; abenduko bigarren astean egin zen ikuskatze kanpainaren ondorioz jaso dute zigorra.

Egun horietan berariazko kanpaina bat egin zuten hainbat sektoreren lokaletan, hala nola bazar, apaindegi, loradenda, farmazia eta ostalaritza establezimenduetan, eta, horren ondorioz, espedientea ireki die bisitatu dituen establezimenduetatik % 39ri, irregulartasunak hauteman direlako faktura ez erregistratzeagatik, ez jaulkitzeagatik edo bezeroari ez emateagatik.

Kasu guztietan, foru araudiak 600 euroko isunak jasotzen ditu eragiketa irregular bakoitzagatik, eta horiek murriztu daitezke epe barruan ordainduz gero. Halaber, 1.200 euroraino hel daitezke, behin eta berriro zigortutako establezimenduak badira.

Aldunditik azaldu dutenez, ikuskatzen jarraituko dute Gasteiz eta Arabako hainbat herritan, batez ere lehendik zehatutako negozioetan, egiaztatzeko iruzurra egiteari utzi dietela.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago