"Iraganeko ereduetara" ez itzultzeko eskatu diete instituzioei

Juanma Gallego 2019ko abenduaren 18a

Armentia 2 putzua zulatzeko baimena eman du Espainiako Ingurumen Ministerioak. / ALEA

Armentia 2 putzua eraikitzeko Espainiako Ingurumen Ministerioaren baimena jasota, Euskal Herrian hidrokarburoen erauzketa egiteko erabakia Gasteizko Udalaren, Arabako Diputazioaren eta Jaurlaritzaren esku dagoela gogorarazi du Fracking Ez mugimenduak. 

Bai fracking-a erabilita zein ohiko tekniken bitartez Euskal Herrian gasa erauzteko planak behin betiko alde batera uzteko eskatu du beste behin ere Fracking Ez taldeak. Ohar batean adierazi dutenez, orain erabaki hori euskal instituzioen esku dago. Gogoratu dutenez, azaroaren 27an Armentia 2 putzua zulatzeko baimena eman zuen Espainiako Ingurumen Ministerioak, eta orain afera horrekin lotura duten hiru euskal instituzioek zeresana izango dute zulaketa aurrera doan ala ez erabakitzeko orduan. 

Ekologistek ez dute aurreikusi datorren urtean zulaketa egingo dutenik, Jaurlaritzaren aurrekontuetan horretarako partida handirik ez dagoela ikusita. "Ez bada, nahita, aurrekontuekin nahastera jokatu duela eta benetako planak ezkutatu nahi dituela, 2020an ez da gastu handirik espero zundaketa hori egiteko", zehaztu dute. Aldiz, urtea lizentzien eta baimenen tramitazioan emango dutelakoan daude. 

Gasteizko Udalari dagokienez, gogoratu dute 2012an hasiera batean aurreikusita zeuden Enara 1 eta 2 zundaketak zulatzeko baimena ukatu zuela Udalak, Gasteizko Udalaren Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrarekin bateragarri ez zirelako. Erabaki horren ondorioz, SHESA hidrokarburoen sozietate publikoak zundaketa horren kokalekua aldatu behar izan zuen. Hiru urte pasata, asmo horiek alde batera utzi behar izan zituen SHESAk. 

"Bada, SHESAk gerora ukatu zitzaion jarduera lizentzia eskatu zuenetik ia 10 urte igaro direnean, hasierako puntu berera itzuli gara". Armentia 2 putzua zulatu ahal izateko, SHESAk jarduera lizentzia eskatu beharko duela azaldu dute. Alkatearengana zuzendu dira. "Zer jarrera du Urtaran jaunak horri dagokionez? Hirigintza-aldaketa hori ahalbidetuko du edo Udaleko teknikarien jarrera defendatuko du?". 

Diputazioaren rola ere mahai gainean jarri dute, Gasteizko Mendietako Natur Baliabideen Antolaketarako Plana erakunde horren esku dagoelako. Hortaz, Ramiro Gonzalezentzako ere galdera utzi dute. "Ahaldun nagusiak dagoeneko adierazi du festa zulatzailea hasteko gogoa duela, baina kontsultatuak izan diren bakoitzean, bere teknikariek proiektu hauen inguruko zalantza garrantzitsuak jarri dituzte. Zer irizpide ezarriko da kasu horretan?".

Hidrokarburoen erauzketaren aferan krisi klimatikoa kontuan hartzeko eskatu dute, eta datuak baliatu dituzte horretarako. Ekologisten arabera, Jaurlaritzak orain arteko planekin aurrera eginez gero, urtean Euskal Autonomian Elkartean isurtzen den karbono dioxidoa halako 20 isuriko lirateke. "Eusko Jaurlaritzak ezin du egun batean Larrialdi Klimatikoa deklaratu eta hurrengo egunean lurrazpitik gasa ateratzeko plan handiak hasi", adierazi dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago