Hau pena hau! Alaveseko zaleentzat Kopa oso lehiaketa kuttuna baita. Taldeak balentria handienak hor egin ditu eta gainera hor egindako ibilbideak Ligan ere isla izaten zuen. Bada, oraingo honetan muturreko galanta jaso du Jaenen eta kanpo geratu da.
Oso partida kaxkarra jokatu du hasieratik bukaerara. Jaen taldeak lehen minututik garaipenaren bila aritu da ilusio handiarekin. Nahi eta nahi izateak eman dio garaipena talde andaluziarrari. Horri gehitu behar zaio, 15. minutuan etxekoek gola egin dutela Ocañaren bitartez. Beraz, lehian ia-ia sartu gabe maldan gora jarri zaio partida.
Horiek horrela, talde arabarrak gora jo du berdinketaren bila, hala behartuta. Kopako Lehiaketa sistema berri honetan partida bakarrera jokatu beharra dago eta bakar bakarrik garaipenak balio du aurrera jarraitzeko. Halere, nahiz eta erasora jokatu ez du batere arriskurik sortu.
Gauzak oker bazeuden ere, okerrera egin dute bigarren zatia hasi bezain pronto. Epaileak txartel gorria atera dio Laguardia erdiko atzelariari sarrera gogor bat egin duelako. Dagoeneko bi txartel gorri zuzenak ikusi ditu atzelariak eta Garitano entrenatzaileak zer lantzea izango du arlo horretan. Bat gutxiagorekin aritzeak ez dio kalte gehiegirik egin taldeari eta berdinketaren bila aritu dira.
Partida azken txanpan sartu denean, oraindik ere, esperantza bazegoen. Berdinketa bazetorrela zirudienean zaplaztekoa etorri da eta Jaen taldeak bigarren gola egin du. Handik bi minutura esperantzarako gola egin du Pere Pons erdilariak. Bizi bizia izan partidaren bukaera, baina joan-etorri horretan etorri da hirugarren gola.
Pena ikaragarria. Ezusteko galanta. Burumakur. Baina, hurrengo larunbatean arratsaldeko 16:00etan guzti honi buelta emateko aukera izugarria Bartzelonaren aurka. Ea loteria egun bat aurreratzen den!
Jaen: De la Calzada, Juanjo, Ocaña, Fran Hernandez, Juanma Espinosa, Miguel Martin (88’. Ramon), Juanca, Vela Rodriguez (73’. Javilillo), Lobato, Mauro eta Gabri (67’. Marcelo).
Txartel horiak: Fran Hernandez, Miguel Martin.
Alaves: Sivera, Martin, Laguardia, Magallan, Adrian Marin; Borja Sainz (73’. Burke), Pere Pons, Wakaso, Luis Rioja (63’. Burgui), Guidetti (57’. Tachi), Joselu.
Txartel horiak: Guidetti, Joselu, Wakaso.
Txartel gorria: 57’. Laguardia.
Golak:
1-0: 15’. Ocaña.
2-0: 84’. Miguel Martin.
2-1: 86’. Pere Pons.
3-1: 90’. Fran Hernandez.
La Victoria futbol zelaiko harmailak:
Ia-ia 5.000 ikusle bildu dira La Victoria harmailetan. Futbol zelai honek gogorapen oso onak ditu Alaveseko zaleentzat. Halere, oraingo honetan zapore oso gazia utzi du. Jaen taldeko jokalarientzat, ordea, egun pozgarria izan da. Partida bukaeran, garaipen handietan bezalaxe, berdegunean buelta eman dute zale guztien txaloak jasotzeko.
Tabernetan hitz eta pitz
Arratsalde pasa tabernan, mokadu hartzeko tartea eta bide batez futbol eta saskibaloia ikusteko.
"Gogoratzen zarete Jaenen zer-nola poza hartu genuen partida hartan?".
"Izugarria izan zen, bai, egun gogoangarria".
"Ikusiko dugu gaur ea zer egiten duten!".
"Hamaikako lehiakorra atera du, Guidetti, Borja Sainz".
"Ondo, ea erakusten duten zerbait, beno, bada, zerbait erakutsi behar hamaikako titularrean egoteko".
"Gaizki, ze gaizki ari diren! Haiek ilusioz ari dira, garaipena nahi dute. Futbol zelaia egoera oso kaxkarretan dago".
"Gola egin dute. Gaizki, gaizki, Hirugarren Mailako taldeari aukera ematen badiozu, gero ikusiko duzu".
"Burua altxatu ezinik ari da taldea. Baina ez dira gauza hiru pase jarraian emateko. Benga, bada, atsedenaldira. Ea hausnarketa egiten duten eta bigarren zatian eraberrituta ateratzen diren".
"Indarberrituta atera dira, bai, ikusi al duzue Laguardiak egindako sarrera? Jokatu dituen azkenengo partidetan bi txartel gorri zuzenak. Hor zerbait egin behar da. Ez da batere normala, Laguardia nahiko ondo aritzen da normalean".
"Uf, bigarren gola. Akabo gure ametsa. Oraingo honetan ezin izango dugu Real Madrili irabazi Bernabeun. Ze pena!".
Golaaaaa! Benga, dena ematera, ea berdinketa lortzen duten.
"Ezin, ta ezin eta azkenean hirugarren gola".
"Zer egingo dugu? Aurrera jarraitu behar, Bartzelonari irabaziko diogu".
"Orain ikusiko dugu Baskonia, ea garaipena lortzen duen!".