'Do ut des'

"Eman diezadazun ematen dizut".

Do ut des (eman diezadazun ematen dizut). Oinarrizko Batxilergoa ikasten ari nintzen garaian, buruz ikasitako latinezko atsotitza da.

Andaluziarra zen gure latin irakaslea, artista, bi eskuak erabiltzen zituen izugarrizko trebetasunez arbelean muralak marrazten zituenean. Gelara sartu orduko latin klasea jasotzeko, beti jarrita zuen arbelean latinezko esaeraren bat buruz ikasarazten ziguna, ahaztuak dagoeneko gehienak. Behin, ortua lantzen ari nintzen egun batean, aldameneko auzokide edadetuak simaurra botatzen ikusi eta zera esan zidan: "Eman behar diozu lurrari, lurrak eman diezazun". Eman eta jaso, jaso eta eman.

Inork baino hobeto dakite joko hau erabiltzen enpresa teknologikoek, Google eta enparauek, doan eskaintzen dutenean hainbat zerbitzu, eposta dela, Facebook edo bilatzailea dela. Doan bai, baina gure informazio pertsonalaren truke. Do ut des. Eman gaur bihar jasoko duzulakoan.

Do ut des. Gaur ni, zu bihar. Bi pertsonen arteko isilezko adostasuna. Elkarrekikotasunak oreka eskatzen du, eta horrela ez denean biotariko bat aprobetxategi bihurtzen da, bizkarroi. Auzolana, ordea, taldearen akordioan oinarritzen da, denek hartzen dute parte eta denak ateratzen dira onuradun. Parte hartzen ez duenari edo egin behar lukeen baino gutxiago egiten duenari ezkutatzen ari dela esango diogu, komunitateak eskatzen diona baino gutxiago ematen ari delako. Karitateak mundu honetako ezeren truke ematen badu, hurkoa Jaungoikoaren semea delako, egia da, baita ere, eskuzabaltasun horrek beste munduan saria jasoko duen itxaropenean duela funtsa. Do ut des-aren bigarren aldea geroratuz.

Ezin dugu, ordea, filantropia do ut des kategorian sailkatu. Filantropia karitate sekularizatua da, laikoa bihurtua, gizakien arteko anaitasuna ez datorkigulako Jaungoikoren semeak garelako, baizik eta gizakiak garelako. Filantropoak hurkoaren alde egiten duena interes gabeko ekintza da, ez du elkarrekikotasunik espero, duen joera gizatasunean oinarritzen da, bera den moduko gizakia delako bestea. Do ut des kasuan eta auzolanean, ekintza da funtsezkoa, ez, aitzitik, sentimendua. Karitatean eta filantropian, egitea da garrantzitsuena, nahiz eta sentimendua, kupida edo elkartasuna nabarmena izan.

Aldiz, bi lagunen artean sortzen den adiskidetasuna do ut des egoeratik harago doa, indar handiagoa duelako emateak jasotzeak baino, laguntasun sentimenduak duelako lehentasuna. Adiskideak badaki behar duenean jasoko duela laguntza, eta adiskidetasuna lehenesten du. Ekintzak eta maitasunak osatzen dute adiskidetasunaren harremana, elkarrekikotasun orekatua eta interes gabekoa.

Azkenik, ama edo aita batek semearekiko duen harremana beste maila batean kokatu behar da: eman jaso gabe, maite besterik gabe. Do ut des hiru hitzez osatutako esaldia, hitz bakarreko esaldia bihurtu da: Do, ekintzez eta maitasunez osatutakoa. Do.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago