Alavesek azken unean puntu bat lortu du

Ibon Gorrisi 2019ko abe. 15a, 15:13
Bihotzarekin aritu dira, zerbait egin nahian eta ezin. / ALAVES

Leganes taldearen aurkako partidan bana berdindu dute.

Partida gogorra, trabatua, borrokatua eta lehiatua espero zen eta halakoxea izan da. Izan ere, bi taldeak sailkapenaren behealdean ari dira eta era honetako partidetan puntuak eskuratzea hil ala biziko kontua izaten baita. Bi taldeek lehen minututik aipatutako gidoia jarraitu dute. Horren adibide dugu epaileak ateratako bi txartel hori hamargarren minuturako. 

Javier Agirrek, Leganeseko entrenatzaileak, bost-lau-bateko marrazkia jarri du berdegunean eta talde arabarrak behin eta berriz pareta honen kontra jo du. Ez du inongo zirrikiturik aurkitu area ingurura hurbiltzeko. Ez batak ez besteak dute joko onik erakutsi. Jokaldi ia-ia gehienak ezerezean gelditu dira. Gol aukera oso gutxi sortu dute. Batetik, pasean kale egin dutelako eta bestetan falta egin dutelako. Beraz, ibilbidea ikusita bazirudien atsedenaldira berdinketarekin joango zirela. Baina, egindako jokaldi bakarrenean Leganesek gola egin du. Rodriguesek ezker hegaletik erdiraketa egin du eta  area barruan Braithwaitek sareetara bidali du baloia huts eta batekoa markagailuan jartzeko.

Gol horrek min ikaragarria egin dio talde arabarrari. Bigarren zatian, erasora atera da abiadura handiagorekin. Halere, Leganes oso ondo kokatu izan da atzealdean eta arabarrek ez dute inongo hutsunerik aurkitu gol aukerak sortzeko. Bihotzarekin aritu dira, zerbait egin nahian eta ezin. Minutuak joan ahala taldea gero eta urduriago, baina erasora berdinketaren bila. Madrildarrek aukera pare batzuk izan dituzte kontraerasoan partida erabakitzeko. 

Dena den, taldea ez da kikildu eta 80. minutuan saria etorri da. Eta nola ez, Joselu aurrelariak egin du berdinketaren gola. Korner baten ondorioz, arean nahaste-borraste baten ondorioz Duartek jaurtiketa bortitza egin du, Cuellar atezainak ezin gelditu eta Joseluk bizi-bizian saretara bidali du baloia. Hortik aurrera taldeak garaipena nahi izan du, baina egindako ahalegin guztiek ez dute fruiturik eman.

Lehiaren nondik norakoak ikusita esan genezake taldeak puntu bat salbatu duela. Berdinketa honi esker, bolada txarra etetea lortu du eta beti oso garrantzitsua da puntuak pilatzea. Beraz, lorturiko puntuak zapore gazia utzi arren aurrera begira gehitzea beti da gozoa. Hurrengo norgehiagoka Bartzelonaren aurka izango da, datorren larunbatean 16:00etan. Ea sari potoloa tokatzen zaigun!

Alaves: Pacheco, Martin (70’. Luis Rioja), Ximo Navarro, Ely, Duarte, Aleix Vidal (87’ Magallan), Manu Garcia, Pere Pons, Burke (76’. Borja Sainz), Lucas Perez, Joselu.

Txartel horiak: 1’. Ely, 42’. Joselu.

Leganes: Cuellar; Bustinza, Awaziem, Omeruo, Silva, Rodrigues, Oscar (57’. Rivera), Ruben Perez, Roque Mesa (76’ Eraso), Braithwaite; En-Nesyri. 

Txartel horiak: 7’. En-Nesyri, 60’. Omeruo, 71’. Silva.

Golak:

0-1: 43’. Braithwaite.
1-1: 82’. Joselu.

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

15.567 ikusle bildu dira Mendizorrotzeko harmailetan. Eguraldiak lagun, giro paregabea izan da. Jokalariek eta zaleek animoak eman dizkiote Pina jokalariari bere lesioa ahalik eta lasterren gainditzeko. Egia esan harmailetan izaten den giroa goraipatzekoa baita. Partida guztiak festak dira.

Harmailetan hitz eta pitz

Harmailetako giroa zoragarria. Bokata besopean eta taldea animatzera. Hona hemen entzundakoa:

"Gaur, bai, gaur irabaziko dugu. Ez izan zalantzarik".

"Beno, Garitanok atera duen hamaikakoa erasora jokatzeko baita. Gero ikusiko dugu".

"Uf!, lehenengo txartel hori lehenengo minutuan. Eskerrak Wakaso ez dagoela, bestela! Beste txartel horia haientzat. Partida gogorra ez, hurrengoa izango da. Haiek autobusa jarri dute eta horrela zaila izango da partida irabaztea" 

 "Ez dabil gaizki taldea, gutxienez, dena ematen ari da. Hori bai, joko gutxi, baina adorea bai. Ta hori da talde honek egin behar duena, borrokatu, lehiatu eta dena eman".

"0-1, ze gola! Lotan, berriz ere, atzelariak lotan, bakar bakarrik zegoen arean. Maldan gora beti bezala".

"Beno, badirudi bigarren zatian dena emango dutela. Erasora behin eta berriz, hori da egin behar dutena".

"Ikusiko dugu, baina haiek ondo jarrita daude atzealdean. Gainera, barnekaldiak edo zerbait egiten duzunean falta egiten dute. Korner batean edo falta batean ondorioz etorriko da berdinketa".

"Zaila, zaila jartzen ari da partida. Ikusiko dugu, Joseluk eta Lucas Perezek gola egin behar dute".

"Golaaa! Ikusi duzu Joselu, gol ehiztaria da. Hor zegoen. Eskerrak ze partida oso gaizki jartzen ari zen.

"Gutxienez, puntu bat, eskerrak. Era honetako partidetan puntuak pilatu behar dira, ze hurrengo Bartzelonaren aurka jokatuko dugu eta hor puntuak eskuratzea…".

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide