Mundu oso bat abiatzen da DNA bankuetatik, eta, ondorioz, ikerketa lerro ugari sortu dira horren inguruan: populazioen joan-etorriak, ahaidetasun azterketak, kriminalistika arloko ikerketak edota medikuntza bera dira horietako batzuk. BIOMICs ikerketa taldean bankuan bildutako laginak askotan baliatu dituzte lerro horiek aurrera eramateko. "Berdin-berdinak diren bikiak bereizi ahal izatea da lerro horietako bat", azaldu du Martinez de Pancorbok. "Orain arte horiek bereiztea ia ezinezkoa zen, baina halako kasuetan bereizgarri izango diren markatzaile genetikoak bilatzen aritu gara, modu horretan bata bestearengandik desberdindu ahal izateko".
Dementzia frontotenporala gaitzari aurre egitea erraztea helburu duen ikerketa batean egindako ekarpena ere gogoan du katedradunak. "Katalunian oso ohikoa den mutazio baten jatorria argitu nahi izan du proiektu horrek. Gure bankuan bildutako kontrol-lagin osasuntsuak erabili dira, eta baita Frantzian eta Italian eskuratutako laginak ere". Biomedikuntzatik harago, Mediterraneoan egon den populazioen harremana ere agerian utzi zuen ikerketak.
Kriminalistikari begira, erretratu robotak egiteko proiektu bat izan dute taldean. Modu horretan, eta lagin batean abiatuta, norbanako baten ezaugarri fisikoak igartzeko aukerak aztertu dituzte: adina, altuera, gorpuzkera, begietako kolorea… "Hiru urteko proiektua izan zen, oso interesgarria. Horretan, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuaren laguntza izan genuen. Autopsietan bildutako laginak erabili genituen".
Epigenetikaren alorrean irekitzen diren aukerak ere azpimarratu ditu Martinez de Pancorbok. Azken urteetan genetikaren mundua irauli duen diziplina horrek ingurumenak berak geneetan izan dezakeen eragina aztertzen du. Horretarako baina, beharrezkoa da norbanako bakoitzetik ahalik eta lagin sortarik handiena izatea: odola, listua, azala, muskulua, garuna... hori, noski, autopsietan baino ezin da eskuratu. "Orain, adibidez, bihotz laginekin bat-bateko heriotza ikertzen ari gara. Baina hori egitea posible da bilduma hori badagoelako, bestela oso zaila izango litzateke", nabarmendu du adituak. "Horregatik dira hain garrantzitsuak biobankuak". Hurrengo erronketako bat populazio afrikarren DNA laginak lortzea da, batez ere laktosarekiko intolerantziari buruzko ikerketak burutzeko.