Egunean behin minutu bi jolasean

Mirian Biteri 2019ko abe. 11a, 10:39

Tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da Egunean Behin.

Egunean Behin euskarazko joko ezagunaren finala jokatuko da lehenengoz larunbatean, Azpeitian.

San Agustin kulturgunean izango den lehiaketa horretan 150 jokalarirentzako tokia baino ez da egongo, eta hortaz, denboraldi honetan jokoan bertan lehen postuetan sailkatu direnei gonbidapenak luzatu ondoren, gainerakoentzako izena emateko prozesu bat ireki eta zozketa egin behar izan du Codesyntax enpresa antolatzaileak. 

Finalaren mekanikan zuzenekoak eta aldiberekotasunak izango du garrantzia: txanda bat baino gehiago izango da, eta jokalari guztiek aldi berean galdera berdinak erantzun beharko dituzte. Aurkezle paregabea izango du ekimenak, gainera: Kike Amonarriz. Sari nagusia Gabonetako otar eder bat izango da irabazlearentzat.

10 galderei erantzun

Oso dinamika errazeko jokoa da Egunean Behin. Bakarka edo taldean jokatzeko prestatuta dago, euskaraz; izenak berak dioen bezala, egunean behin partida bat jokatzeko aukera izango du jokalariak 10 galderei ahalik eta azkarren erantzunez. Asmatutako erantzun kopuruaren eta pasatako denboraren arabera, puntuak lortuko ditu; eta, puntuen arabera, asteko sailkapenenean gora edo behera egingo du. Astelehenetik igandera bitartean, irabazten duenak sari bat jasoko du. 

Galderak askotarikoak dira eta iturri ezberdinetatik automatikoki daude hartuta. Euskarazko Wikipedia izan da nagusienetakoa, baina bestelakoak ere erabili izan dira; esaterako, argazki geolokalizatuen gunea izan zen Panoramio. Ezin ukatu aplikazio honen arrakasta, azken asteotan 45.000 lagunetik gora ari direlako jokatzen egunero.

Egunean Behin ez da larunbateko finalarekin amaituko: hurrengo bi asteotan ere iraungo du. CodeSyntax enpresak garatutako aplikazioaren asmatzaile Luistxo Fernandezen esanetan, "azken asteotan lortutako erakarpenaren ondorioz, pentsatu dugu ondo egon zitekeela Gabon jaietan ere, behintzat egun batzuetan, jai eta familia giro horretan ere jokatzeko aukera eskaintzea". 

Urtarrilaren 27an, hirugarrena

Hortaz, bigarren denboraldiko azken astea abenduaren 29an ixten den astean izango da, eta jaiekin lotutako galdera sorta bereziak izango dira. Gero eten bat egingo dute, eta urtarrilaren 27an itzuliko dira berriro ere jokoaren hirugarren denboraldiarekin

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago