Abian da Haziaraba, Arabako kultura ereiteko asmoz

Erredakzioa 2019ko abe. 9a, 14:11
2019ko Haziaraba egitasmoaren aurkezpen agerraldia. / Argazkia: AFA

Haziaraba Estimulazio Artistiko Goiztiarreko Jaialdiaren bigarren edizioan, haurrentzako 35 jarduera izango dira Arabako bederatzi herritan.

Agurain, Amurrio, Aramaio, Legutio, Iruña Oka, Bastida, Laudio, Oion eta Abetxukoko kontzejua izango dira jaialdiko bigarren edizioaren lekukoak. "Arabako lurraldeko txikienen artean kulturaren eta artearen hazia ereiten laguntzeko eta sendotzen jarraitzeko" helburua zehaztu dute antolatzaileek.

Teatro Paraiso eta Teklak Komunikazio eta Audientzien Estudioak antolatzen duten jaialdia Mind the gap Interreg Poctefa Europako proiektuaren parte da. Kulturaren Plan Estrategikoko 12.000 euroren bitartez, Arabako Foru Aldundiaren eta parte hartzen duten udalen babesarekin kontatu du. Eta Vital Fundazioaren zein Gasteizko Udalaren laguntza ere baditu.

Haziarabak hiru esperientzia artistiko proposatu ditu: Lorategian pieza eszenikoa, Iluminar Animalarium animaziozko film laburren saioa eta Jokuen eszenografiak joko-instalazioa. Aipatutako herri bakoitzean ikusi eta entzun ahal izango dira.

Abenduaren 14an hasiko da programazioa, Amurrion. Ondoren, herriz-herri igaroko da, urtarrilaren 4an amaitu baino lehen.

Sarrerak eta gonbidapenak udalerri bakoitzeko udalarekin kudeatuko beharko dituzte ikusleek. Hala ere, Teatro Paraisoren webgunean egiteko aukera ere egongo da. Gainera, azken honetan topatu ahal izango dira programazioa eta egitasmoaren inguruko informazio guztia.

2019ko Haziaraba egitasmoaren aurkezpen agerraldia. / Argazkia: AFA

 

Lorategian ikuskizun eszenikoa

Lorategian Teatro Paraisoren ikuskizun eszenikoa da, 1 eta 4 urte bitarteko haurrentzako. Antzerkia, bideoa, itzalak eta marrazkiak nahasten ditu, ikusleei esperientzia "ludiko eta aktibo" bat proposatzeko.

2006an Lehen Haurtzaroaren ikuskizun onenari FETEN saria jaso zuen eta, ordutik, mundu osoan zehar biratu du. Erresuma Batua, Argentina, AEBak edo India bezalako herrialdeetatik pasatu da.

Iluminar Animalarium animaziozko film laburren saioa

Gaztefilmfest eta Kalakalaben eskutik dator Iluminar Animalarium, 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzako animaziozko film laburren saioa. Hainbat pertsonaia eta animaliekin batera, misterioen bidez, espazioetan zehar ibiliko dira ikusentzuleak, egoera batetik bestera.

"Animaziozko film laburren nazioarteko programa zirraragarria" dela ziurtatu dute antolatzaileek, haurrek lehen esperientzia zinematografikoetako bat izan dezaten.

Helburua ikus-entzunezko sorkuntzari leiho bat irekitzea dela eta "pantaila komertzialetan ikusi ezin diren edo argitaratu ez diren lanen hautaketa zaindua eta oparoa" dela ere azaldu dute.

Jokuen eszenografiak joko-instalazioa

Teatro Paraisok eta Gutxinaka-gutxinakak 1 eta 4 urte bitarteko haurrentzat sortutako jolas gunea da Jokuen Eszenografiak eta "abentura artistiko" gisa definitu dute antolatzaileek.

Hainbat materialekin sortutako instalazio artistiko batean "familian bizitzeko gonbidapena" dela diote antolatzaileek. Jarduera hau herri bakoitzeko haur-eskolekin eta ikastetxeekin lankidetzan egiten da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide