Partidek laurogeita hamar minutu gehi luzapena irauten omen dute. Lehenengo mailan minutu guztietan lehiakor izan behar da; bestela jai. Alaves taldeari horixe bera gertatu zaio Granadaren aurka jokaturiko neurketan. Izan ere, lehenengo zatian erabat sartuta aritu da baina bigarrenean erabat desagertu da berdegunetik. Horren ondorioz, Andaluziako taldeak hiru gol egin dizkio eta hiru puntuak eskuratu ditu.
Emaitza erabat kaxkarra izateaz gain hurrengo partidetarako hiru jokalari galdu ditu. Tomas Pinak lehen zatian bukatzear zela mina hartu duelako eta bigarren zatian epaileak txartel gorria erakutsi dielako Wakasori eta Laguardiari. Beraz, okerretik okerrera.
Egia esanda ez dago ulertzerik taldeak izan duen nortasun aldaketa atsedenalditik bueltan. Lehen zatian oso lehiakor aritu da eta gol aukerak lehen minututik izan ditu. Granada baino gehiago izan da. Oso neurketa gogorra eta biak parez pare aritu dira. Jokoa behar bezala egitea ia-ia ezinezkoa izan da, biek falta ugari egin dituztelako. Horren ondorioz, Pinak eta Quini jokalariek lesio larriak izanik berdegunea utzi behar izan dute. Bi taldeak horretan ari zirelarik partida hutsean iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatian, Granada erabat erasokor atera da eta talde arabarra aurretik eraman du. Atsedenetik bueltan eta hiru minutura 1-0ekoa egin du, Carlos Fernandezen bitartez. Hamar minutu beranduxeago, Manuk penalti inozoa egin du. Epaileak bideo ikustea ez du beharrik izan eta zalantzarik gabe adierazi du. Soldadok ez du barkatu eta 2-0ekoa egin du. Bigarren gol honek min ikaragarria egin dio taldeari. Iparrorratzik gabe ari bazen ere, jasandako kolpe honekin erabat desagertu da berdegunetik.
Sufrikarioa gutxi balitz, Wakasok partida osoan zehar egindako sarrerak gogor samarrak izanik, halako batean bigarren txartel horia ikusi du eta epaileak kaleratu du. Hamar jokalariekin askoz okerrago aritu da taldea. Hori gutxi balitz, jokaldi zoragarria eginez Herrerak 77. minutuan 3-0ekoa egin du. Lehia bukatzeko epaileak txartel gorri zuzena erakutsi dio Laguardiari bideo epaile laguntzaileak esanda.
Galtzak bete lan izango du Asier Garitano entrenatzaileak taldea bere onera ekartzeko. Tarte gutxi izango du, hurrengo ostiralean 21:00etan Mendizorrotzean Leganes taldea bisitari izango delako. Ea taldea garaipenaren bidera itzultzen den!
Granada: Rui Silva, Victor Diaz, Martinez, Duarte, Quini (37’. Carlos Neva), Puertas, Gonalons, Carlos Fernandez, Herrera, Vadillo (82’. Machis), Soldado (71’. Eteki).
Txartel horiak: 51’. Soldado.
Alaves: Pacheco, Ximo Navarro, Laguardia, Ely, Adrian Marin, Aleix Vidal, Pina (36’. Wakaso), Manu, Luis Rioja (60’. Burke), Lucas Perez (68’. Pere Pons), Joselu.
Txartel horiak: 28’. Ximo Navarro, 40’. Wakaso, 63’. Manu.
Txartel gorriak: 67’. Wakaso (bigarren txartel horia), 91’. Laguardia.
Golak:
1-0: 48’. Carlos Fernandez.
1-0: 58’. Soldado (penaltiz).
3-0: 77’. Herrera.
Los Carmenes Berria futbol zelaiko harmailak:
14.773 ikusle bildu dira Los Carmenes Berria futbol zelaian. Horien artean Arabatik joandako ehunen bat zale izan dira taldea animatuz. Giro paregabea izan da harmailetan eta hemengo zaleek kolorea eta kantuak jarri dituzte denon gozamenerako. Bukaeran emaitzak lagundu ez badu zaleek animoak emanez agurtu dute taldea.
Tabernetan hitz eta pitz
Bakan batzuek aukera izan dute taldea hemendik edo handik jarraitzeko. Zale gehienek, ordea, taldea etxetik kanpo aritzen denean tabernetan elkartzen baitira. Hor kontu kontari aritzeko, hona hemen esandakoak:
"Ia-ia ez du denborarik izan bazkaria behar bezala egiteko. Eguerdiz Alde Zaharrean giro paregabea zegoen. Gainera oso eguraldi primerakoa egiten du".
" Beno, bada, ea Eibarren aurka egin genuena errepikatzen dugun!".
"Gainera Granada hor daukagu sailkapenean. Begira, nolakoak diren gauzak kamarada. Jende guztiak dio denboraldi ikaragarria egiten ari dela eta hor dago".
"Berriz ere, aldaketak hamaikakoan. Ez dago batere gaizki aldaketak egitea. Horrela jokalariek entrenamenduetan dena ematen dute".
"Ikus dezagun. Ondo, ondo hasi da partida. Lucas Perezek bat izan du gutxienez. Ea gola egiten duen!".
"Falta gehiegi eta joko gutxi, baina tira taldea ondo ari da. Joan-etorri horri seguru etekinik aterako diogula. Uf! Pina gizajoa! Mina hartu du eta larria ematen du. Egia, egia, aldatu dute. Pinarik gabe zelai erdian arazoak izango ditugu".
"Beno, golik gabe eta atsedenaldira. Horixe bera egin genuen Eibarren".
"Ai, ai, gola. Ze hutsa! Ez bata ez bestea eta bakar bakarrik errematatu du. Hau da hau bigarren zatia gaizki baino gaizkiago hastea".
"Manu, mesedez, zer egin al duzu? Penaltia eta 2-0ekoa jarri markagailuan".
"Zer gertatu al da aldagelan? Izutu egin dira Pinaren lesioarekin. Jokalariak lekuz kanpo daude. Erabat atera dira partidatik. Wakaso kontuz ibili txartel horia duzu eta. Alferrik da jokalari honekin. Bilatzen ari zena lortu du eta bigarren txartel horia eta kalera".
"Agur partidari, agur garaipenari".
"Hirugarren gola, ze gola! Baina, baina zer egin dute! Ahalik eta lasterren bukatzea hobe. Hala, baina zer da hau? Txartel gorria zuzena Laguardiari. Falta zaiguna. Agur eta hurrengora arte".
"Orain, badakizue zer egin behar den, ezta? Bai ala bai Mendizorrotzean irabazi".