Esnatu nintzenean jadanik ez zeunden han.
–Ezagutzen al duzu hizketan ari den hori?
Ez dakit nondik agertu zinen, nola eseri zinen nire ondoan. Urte luzez egon nintzen Laudiotik kanpo, eta aurpegi asko eta asko ezezagunak egiten zitzaizkidan, batez ere gazteenak.
–Oso ondo hitz egiten du.
Ia orduantxe isildu zen hizketan ari zen gaztea. Esandakoen erdiak ere ez nizkion aditu, apur bat zure erruz, apur bat hainbeste jenderen artean bakarrik egoteak eragiten zidan urduritasunarengatik.
Herriko plazan eseritako guztiek eskuak igo eta airean eragin zituzten, haizea laztantzen ariko balira bezala. Txalo mutuak ziren. Ez zinen hizlaria ondo aritu zela uste zuen bakarra.
–Orain da gauzak esateko unea.
Isilik begiratu zintudan. Lehen aldia zen begi horiek ikusten nituena. Akordatuko nintzen, bestela. Ez zinen horren gaztea. Oraindik ez dakit zergatik aukeratu zenuen nire ondoan jartzea, indioen eserimodua antzeratuz. Beharbada, zure adinkidea-edo izango nintzelako, han gazteak eta adinekoak baitziren gehienak. Suposatzen dut gauza gehiegi genituela guk galtzeko.
Konturatzerako, zutik ikusi zintudan, nire ondo-ondotik jende guztiari hizketan.
–Ez daukagu galtzeko ezer.
Zure esku hutsak erakutsi zenizkien denei. Eta denek erantzun zizuten haienak erakutsiz. Irribarre batekin niregana begiratu zenuenean, nik ere erakutsi nizkizun nireak, gero eta zimur bilduma handiagoaren jabeak. Gero esaten hasi zinen hura hasiera besterik ez zela, Gasteizetik zentozela eta han ere milaka ginela, dena aldatuko genuela, eta gaztetatik aditzen ez nituen izenak ahoskatu zenituen, Bourdieu, Vattimo, Debord, Badiou.
Nik airean dantzatzen zenituen esku hutsetan iltzatuta nituen begiak.
Beste txalo-zaparrada isil batek eztanda egin zuen plazan, eta irribarre erdi batekin nahikoa izan zenuen denei batera erantzuteko, berriro lurrean eseri aurretik. Abuztuaren 15 bateko txupinazoan ere ez nuen horrenbeste jende batera ikusi plazan. Eta han zeunden zu, justu nire ondoan jarrita.
–Okerrena bihar dator.
–Bihar? Zer gertatuko da bihar?
Inozo hutsa nintzela pentsatuko zenuen. Behingoz ahoa ireki zertarako eta zure aldean zer ezjakina nintzen erakusteko. Ez zenidan erantzun. Edo hobe: beste irribarre erdi batekin erantzun zenidan, oso-osorik niretzat.
Gaua plazatik mugitu gabe emateko prestaketa-lanetan hasi zen jende asko. Pixkanaka, ezerezetik olanazko herri txiki bat hazi zen harlauzen gainean. Egun hartan, inork ez zuen zalantzan jarriko harri haien azpian hondartza bat ere egon zitekeela.
Gaua laster zen etortzekoa, eta luze jo behar zuen. Gazte batzuk ibaiaz beste aldeko tabernetarantz abiatu ziren. Ospatzen hasi beharra zegoen. Buru-keinu bat egin nizun, eta laster ginen gu ere haien atzetik.
Ardo bat eskatu nuen nik, zerbeza bat zuk. Sorgin tabernako terrazan eseri ginen. Irribarreak partitzeari utzi zenion.
–Orain guztiek uste dute dena eginda dagoela. Gauzak berez aldatuko direla, gehiago garelako.
Tabako paketearen bila poltsikoak arakatzen hasi nintzen, praketakoak, jakakoak. Zuk berehala aurkitu zenuen zurea. Ezpainetatik zigarro bat zintzilikatu eta mahai gainean utzi zenuen paketea, hitz egiteari utzi gabe. Bat hartu behar izan nizun, zuk eskaini gabe.
–Baina bihar iratzargailuak joko du. Goizaldean, beti bezala. Lanera joateko, edo ikasgelara, berdin dio. Eta horixe izango da une erabakigarria, zirt ala zart egitekoa.
Hurrupa bakarrean garagardo erdia kendu zenion edalontziari.
–Bihar irabaziko dugu. Edo galdu. Ez gaur.
Kopa hutsik neukanez ez nuen tentaziorik izan altxatu eta topa egiteko.
Beste bizpahiru ardo gehiago hartu nituen, zu oraindik lehen garagardo beroarekin zeunden bitartean. Laudiora itzuli nintzenean inguruko fabrika batean aurkitu nuen lanaz hitz egin nizun. Galdaren artean egiten zuen beroaz, taladrinaren usain jasangaitzaz, etengabeko loguraz. Isilik aditu zenidan tarte luze batez.
–Etxera itzuli beharko nuke.
Lagunduko nizula esan nizun, ardoak adoretuta. Goiz zen oraindik, eta hurrengo egunean, gainera, ez genuen lanera joateko goiz-alban esnatu beharrik. Irabazteak sekula baino gauza errazagoa ematen zuen.
Altube atzean utzi eta berehala heldu ginen Gasteizera. Unibertsitateen inguruan aparkatu zenuen autoa, trenbideetatik haratago. Astiro paseatu ginen hiritik. Semaforo gorriak itzali gabe zeharkatu genituen errepideak, ez beti zebrabideen gainetik. Irribarre konplizeekin agurtu genituen bidean topatutako ezezagun guztiak.
–Dagoeneko zerbait aldatu da –ausartu nintzen esatera.
Ez erantzuteko, beste norabait so egin zenuen.
–Zer moduz ibili zara kanpoan?
Eufemismo ezinezkoenetan ezinezkoena izan zen kanpoan hori. Bazenekien nor nintzen, beraz. Non eduki ninduten.
Andramari Zuriaren plazara eraman gintuen gauak. San Migeleko balkoitik begiratu genion han bildutako jendetzari. Kanpin-denden atzealdean, bi farolaren artean eskegita zegoen pankartetako bat seinalatu nizun. “Kaosa da onartuko dugun ordena bakarra”. Gero eta irribarre eroriagoarekin erantzuten zenidan.
Ipuin bati bezala begiratu zenion errealitateari lehen aldiz.
Zapako taberna batean sartu ginen. Ez dut gogoratzen izenik. Bosgarren ardotik aurrera, mundua lainotzen hasi zitzaidan buruan. Gogoan dut behin eta berriro hitz egiten zenuela biharamunaz. Kapaz izango ote ginen, esnatutakoan, mila zatitan hautsi genuen ispiluaren aurretik igaro eta puskak bertan uzteko, ezer ez jasotzeko. Gogoan ditut zure ezpainak, nireen kontra estutzen. Gogoan dut zure etxeko igogailuan kendu genizkiola arropak elkarri, dorpe, zakar. Haginkadak, harramazkak, miazkadak, astinaldiak.
Gogoan ditut zure begiak, betazalen azpian atseden hartzen.
Ez dut gogoan iratzargailurik, baina esnatu nintzenean, jadanik ez zeunden han. Eta eguzkia errezelen artetik sartzen zen, epel.