Irakurraldia

Txoriei beha

Katixa Agirre 2019ko abe. 4a, 10:51

Egilea: Jon Gil

Katixa Agirrek ALEAren Irakurraldia proiekturako idatzitako pasartea. Manex Agirrek eta Aroa Arrizubieta bertsolariek irakurritako testua.

Gasteiza gindoazen, Luciarenean bazkaltzera, ezin genuen hitzordua gehiago atzeratu. Anfitrioiak dena prestatu bitartean bazkalaurreko txango bat antolatzea pentsatu genuen. Luciak Salburua aipatu zigun, hezegune handi bat, hegaztiez beteta. Bost axola zait mokodun animalia oro, baina Joni begirada piztu zitzaion. Nik gidatzen nuen, Jonek azken begirada bat bota nahi ziolako Salburuako urmael, landaretza eta faunari buruzko orri bati. Inguruetan dabil bisoi europarra, galtzeko zorian omen dagoen animalia, ba al zenekin?

Nola jakingo nuen hori? Harrituta neukan bere bat-bateko interes horrek, baina ez nuen zirikatu nahi eta ia hitzik egin gabe bidaiatu genuen. Bereziki udatiarra eta itogarria zen egun hartako beroa. Horregatik agian ez zebilen jende askorik bazterretan. Autoa dorre bioklimatiko (sic) baten aurrean utzi genuen eta Gasteizko azken arrasto horiek laster utzi genituen atzean. Salburua, parke naturala. Ongi etorri Gasteizko eraztun berdera. Egin behar genuen lehenengo gauza prismatiko batzuk lortzea zen: hori, Jonen aburuz, ezinbestekoa zen. Harrera zentroan emango ziguten pare bat maileguan.

Nik ez nuen prismatikorik behar, bero nintzen eta pisuak zitzaizkidan oso. Jonek nireak garraiatzea onartu zuen. Aspaldi ez nuela hain adeitsu ikusten. Lur horiko bidexka batean sartu ginen, eta gizona ingurua azaltzen saiatzen zen: zikoinak, zingira landareak, auskalo. Bidexka horretatik bide txikiago bat ateratzen zen, eskuin aldera. Bide berri horretan sartu baino lehen hiru kartelek azaltzen zuten hortik aurrera egin behar ez zena: zaratarik ez, txakurrik ez, flashik ez. Leku sakratu batean sartzear geunden.

Hegaztien behatoki batera ailegatzen omen zen bidexka txiki hori jarraituz, bidea oholez hesitua agertu zitzaigun bat-batean. Korridore horretatik ezin zen ezer ikusi, baina entzun bai, entzuten zen naturaren orro leundua, eta hozkirri bat sentitu nuen bizkarrean gora.

Behatokira ailegatu eta etxola hartako freskotasuna eskertu nuen. Aintzira baten erdian kokatuta zegoen etxetxoa, masten gainean. Barruko erosotasun bakarra banku luze bat zen. Leiho laukizuzen luzeak zituen halaber, eraikinaren perimetro ia osoa inguratzen zutenak. Hortik hegaztiei so jarri behar genuen, nonbait. Horixe omen zen koska.

Jon emozioz gainezka. Bankuan eseri zen, prismatikoak begien aurrean kokatu eta isiltasun erlijiosoz ingurua behatzen hasi. Ni ere saiatu nintzen prismatikoak nire begietara egokitzen. Ez nuen ezer ikusten. Frustratuta, panel koloretsuetako marrazkitxoei begira geratu nintzen. Hegazti horien izenak gazteleraz, euskaraz eta latinez. Ar eta emearen artean diferentzia adierazgarriak baldin bazeuden, bi marrazki desberdinez adierazita zegoen. Beha orokor batez, emeak arrak baino erakargarriagoak zirela konturatu nintzen.

Jon nire belarrira hurbildu zen orduan, isiltasuna gomendatzen zuen kartela aintzat hartuz, eta hitz bakar bat utzi zuen nire belarriaren atarian.

–Zoragarria.

Ez zuen doinu bereziz esan, baina aldi berean eskua izterrean jarri zidanez, sustoa hartu nuen. Prismatikoak hurbildu nituen berriro, txoririk ikusi gabe jarraitu nuen. Jonek eskua gona azpitik sartu zidan, izterrean gora eginez.

–Zer –esan nion.

–Zer –erantzun zidan.

Ez nizkion gauzak errazegi jarri nahi eta ez-ikusiarena egin nuen bi minutuz. Begiratu txoriei eta lasai utzi ni, esan nahi nion. Zikoinaren habiari begira gelditu nintzen, kumeek burua noiz aterako. Baina Jonek ez zuen gelditzeko inongo asmorik, eta horrek harritu ninduen, azken boladan ez baitzegoen bere punturik inspiratuenean. Nire kalkuluen arabera baziren hamabi egun gure artean kontaktu fisikorik ez zegoela (lanetik bueltan emandako musu despistaturen bat salbu), nire proposamen guztiak sotilki errefusatzen zituela, nekatuta zegoela, bizkarreko minez. Gainera, nik aurreko astean –kontsultatu gabe– erositako telebista garesti berriak gure arteko giroa apur bat gaiztotua zuen, zertan ukatu.

Baina Jon smart tva eta zikoinak eta prismatikoak ahaztear zegoen, nire kuleroek markatzen zuten mugara ailegatu berria.

–Jon, hemen ez –esan nion eskuineko bularra estutu zidanean.

–Zergatik ez, ez dago inor.

Perbertsio baten jabe izango ote zen? Txoriak inguruan behar ote zituen behar bezala berotzeko? Tira, gauza okerragorik bazegoen. Batzuek telebista piztuta behar dute. Eta ziur ez direla Jon bezain fin aritzen. Baina zer ari zen? Horiek atzamarrak horiek!

Edozein momentutan behatokiko atea ireki eta familia ugari bat sartuko zen, baina Jonen udako praka finak puztuta ikusi nituen eta atzera bueltarik ez zegoela onartu nuen. Ez nuen bere prakak askatzea beste erremediorik izan. Kuleroak kendu zizkidan berak eta txorien izenak eta marrazkiak azaltzen zituen panelaren gainean utzi. Nire hankarteko tolesdurekin jolastu zuen denbora dexentez, atzamar umelak gora eta behera, barrura eta kanpora, gehiago agoantatu eta isiltasuna eskatzen zuen kartela ahaztera nindoan momentura arte. Orduan erabat etzanarazi ninduen banku luzean, eta nire gainean jarri.

–Gogor, mesedez –esan nion, balizko familia ugaria ahaztuta.

Eta hala egin genuen, gogor, banku gogor horren gainean. Berehala bukatzear nengoela sentitu nuen. Jonen begirada jasangaitza egin zitzaidan eta kanpora begira jarri nintzen, leihatila laukizuzenek ahalbidetzen zidaten zeru eta zuhaitz puskara, gure arnasek naturaren arnasketarekin bat eginda.

Orduan ikusi nuen, berehala errekonozitu: amitxori txikia, leihatilan paratuta, mugitu gabe eta karteltxoak eskatzen zuen isiltasuna errespetatuz, guri begira, oso kontzentratuta. Txori sinpatikoa egin zitzaidan. Munduaren bere aldean panel koloretsurik ez dagoenez, seguru asko zaila egingo zitzaion nor zen arra eta nor emea desberdintzea. Zertan ari ginen, ordea, erraz asmatuko zuen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago