Iluntze hartan Gasteizen gertatuko zenak guztia aldatuko zuen betiko. Gasteiz ez zen gehiago Vitoria izango.
Ez naiz inoiz izan gertakari paranormalen jarraitzaile, are gehiago, eszeptiko izan naiz. Baina iluntze hartan gertatutakoa ezin da bestelako arrazoiekin azaldu.
Amonak esana zidan, Teleberriko eguraldiaren gizonak ekaitz “arraro samar” bat iragarria zuela Gasteizen, baina inork ez zion aparteko garrantzirik eman. Arratsaldeko 20:30ak inguruan, zerua hodei ilunez estaltzen hasi zen. Hezetasun usainak jarraitu zion eta ohiko tanta lodiak hasi ziren. Zerumugan tximistak ohi bezala, eta ur zaparrada. Baina, gaueko 21:00ak jotzear zirela, inoiz inork inon entzundako eztandarik handienak kolpatu zuen hiria.
Oinaren azazkaletatik sartutako korronte elektriko batek gasteiztar guztiei gerarazi zien bihotza. Burmuinean presio jasanezin bat, odola mantso eta lodi zainetan barrena, konortea galdurik. Isiltasunak hartu zuen hiria. STOP. Guztiak STOP egin zuen.
Ordubete beranduago, gaueko 22:00etan, San Miguel elizako kanpaiek talka egin eta guztiak ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraitu zuen. Buruko min lauso bat, ahanztura sentsazio labur bat, baina ez beste ezer.
Nire ondoan, bi ertzain. Eta batak besteari euskara batu jatorrean: “Hau buruko mina. Zer arraroa izan den hau, ezta? 22:00ak dira dagoeneko?”, eta besteak ere euskaraz erantzun “Lasai motel, sekulako hego haizea dabil eta badakizu, hego haizea ero haizea”.
Bitxia egin zitzaidan bi polizia elkarren artean euskaraz hitz egiten entzutea. Baina gaztetako aurreiritziei egotzi nien harridura, gazte nintzenean “edonor” ez baitzen polizia lanetan aritzen. Ordurako baina, modako lanbide bilakatua zen eta jatorri eta pentsamendu orotako gazteak alistatzen zirenez, ez nion garrantzirik eman.
San Prudentzio kalean barrena, Florida zinemen paretik pasa nintzen eta estreinaldien karteletako batek atentzioa eman zidan. Belen Rueda, Macarena Garcia eta Eneko Sagardoy ziren aktore nagusiak azaleko argazkian eta filmaren izenburua euskaraz: AMEK EZ DUTE. Eta izenburuaren azpian: Katixa Agirreren obran oinarritua. Eta kartelaren gainean itsatsitako orri batek honela zioen: "Proyección NO subtitulada en castellano".
Nahasmenaren eta barreguraren arteko sentsazio batek ilundu zidan begirada. Katixa Agirreren liburu bat Espainiako aktore entzutetsuenek zinemaratua. Gasteizen, filma bat euskaraz eta gaztelaniazko azpititulurik gabe ikusteko aukera. Zer arraio!
Karteldegiaren gainontzeko estreinaldiak begiratu eta guztiak ziren euskarazko filmak. Berriz ere, jaramonik ez egin eta Jaurlaritzak diruz lagundutako euskararen zinearen astea izango zela pentsatu nuen.
San Prudentzio kalean aurrera egin, eta lehen Guridi zinemek betetzen zuten lokaleko supermerkatura abiatu nintzen. Kalea igaro bitartean, Uriarte izeneko agure aberats batek sortutako proiektu komertzial baten saltokien paretik pasa, eta McDonalds, H&M, Primark, Zara eta American Vintage-n erakusleihoetan mezu guztiak euskara hutsean.
Baina aurrera egin eta supermerkatura iristean, eztandak Gasteiz betiko aldatua zuela ohartu nintzen. Ez zegoen supermerkaturik. Neoizko argi gorri batzuk zeuden dar-darka, alfonbra gorri bat lurrean eta ahobizi txapa soinean zuten bi atezain mardul atearen alde banatan. Hauxe zioten neoizko argi dotoreek: GASTEIZKO KAFE ANTZOKIA.
Bi bikote gazte aretoan sartzear, biak ezagunak. Batzuk, irakaskuntzak Beasainetik Gasteizera ekarriak eta besteak Gasteizko Marianistas ikastetxean ikasitako abokatuak. Bi bikoteak areto berdinean.
Ametsetan nengoen, argi zegoen. Atximurka egin nion nire gibelari eta erreakziorik ez. Harramazka egin nuen lepoan odola eragiteraino eta ezer ere ez. Beharbada, ikusten ari nintzena egiazkoa zen.
Pareko liburu dendan sartzea erabaki nuen, gertatzen ari zenaren aztarna gehiagoren bila. Lehen ere euskarak bazuen espazioa denda hartan, baina guztiz eraldatua zegoen. Orain euskarazko liburuak generoka bereiziak zeuden, Atxagaren Nevadako egunak narrazioen apalean eta Fidel Castroren biografia, biografien atalean. Ez nekien euskaraz idatzitako liburuak bereiz zitezkeenik.
Musikaren gunera jo eta bertan ere Liher-en azken diskoa rockean eta Izarorena pop-ean bereiziak zeuden. Eta apalaren izkina batean, beste genero bat izango balitz bezala, Sabina eta Novedades Carminha bata bestearen atzean, ESPAINIAR MUSIKA txartelaren azpian.
Paperen, kartulinen, txintxeten, margoen, errotulagailuen eta motxilen sekzioak igaro ondoren, liburu dendaren beste puntara iristea lortu nuen. Han, “Espainiar literatura” idatzia zuen kartel baten azpian zegoen Eva izeneko emakume bat, liburu baten aurkezpenaren tankera zuen ekitaldi itxurazko batean. Bakarrik zegoen, bere senarrak eta semeak lagunduta eta publikoa zirudien adineko gizon bakarra.
Ez badut gaizki gogoratzen, Hiri zuri baten inguruko nobela bat aurkeztera zihoan, baina ez zen inor ere aurkezpenera hurbildu. Eva delakoak etsipen ikutu batekin, baina sorpresa handiko tonu handirik gabe senarrari “Si es que ya les dije, a esta misma hora está Patxi Zubizarreta en Zuloa presentando libro y habrá colas hasta el Dublín”.
Ez nuen ezer ulertzen. Liburutegiko arduradun batek aurkezpenari hasiera eman zion eta adineko gizonaren ondoan eseri nintzen. Ahopeka eta gaztelaniaz noski, “Esta escritora es de Vitoria?” galdetu nion. Gizonak zeharretik begiratu ninduen, mesfidati eta nire txundidurarako “Ehh, barkatu, baina ez dut gaztelaniaz hitz egiten, hau zer da liburu aurkezpen bat? Gero luncha egongo da, ezta?”.
Beldurtuta atera nintzen liburu dendatik. Mundua iraulia zegoen eta inor ez zen horretaz jabetzen. Euskara hiriaren erdigunera ekarria zegoen, ez zen gutxi batzuen ghetto endogamikoa. Gutxitua zena handi zen orain. Eta lehen ahalguztidun zena, marginal zen orain.
Baztertua den zerbait hauspotzeko, ez da nahikoa bazterrean mantenduta elikatzea. Horrela, bizirik iraungo du bai, baina bazterrean.
Bitartean, tximistaren zain.