Irakurraldia

Eskola segregazioa

Iban Zaldua 2019ko abe. 4a, 10:51

Egilea: Jon Gil

Iban Zalduak ALEAren Irakurraldia proiekturako idatzitako pasartea. Iñaki Lazkanok eta Irati Iciarrek, euskalgintza eragileetako ordezkariek, irakurri dute testua.

Marta ezpain-margoan ukituak egiten topatu du, pintzel txikiaren mugimenduak ispilutxo batean jarraitzen dituela, ezaxolati, kafetegiko gainontzeko bezeroek kasu egiten dioten ala ez kontuan hartu gabe. Juneri ez zaio kolorea, arrosa argiegia, gehiegi gustatu. Bere burua zuzendu du berehala: ez zait kolorea niretzat gustatzen. Baina Martari ondo geratzen zaio, beti bezala. Martari dena geratzen zaio ondo.

Haren parean dagoen aulki librean eseri da June, eta, berehala, norberaren aulkitik pixka bat altxatuz, muxu arin bat eman diote elkarri masailean.

–Luze daramazu itxaroten?

–Ez, duela gutxi iritsi naiz.

–Zer moduz bidaia?

–Ondo. Forondan taxi bat topatzea kostatu zait, baina.

–Bai, beti berdin, neska. Pasatu al zara…?

–Ez, ez dit astirik eman; zuzenean etorri naiz hona –Martak aulki ondoan daukan Samsonite distiratsua seinalatu du–. Denbora nahikoa izango genuela pentsatu dut…

Zerbitzariak moztu du elkarrizketa; irribarre ederra zuzendu die biei, zer hartuko duten galdetu bitartean. Martak latte machiatto bat eskatu dio, eta June Jameson kopa bat eskatzeko zorian egon da, jelarik gabe, baina gero orduaz oroitu eta lotsa pixka bat eman dio; azkenean kafe amerikano bat izan da bere aukera, gaurko hirugarrena. Berehala damutu da, lehenengo hurrupa edan bezain laster.

–Ez diozu ezer esan, June. Zu, beti bezain antipatika –dio Martak burlaizez, koilaratxoarekin aparra hartu bitartean.

–Esan? Zer? Nori?

–Yusefi, emakumea. Ez didazu esango ez duzula ezagutu, ezta?

–Zerbitzaria? Yusef?

–Bai, institutukoa. Zure gelakoa. 3. DBHn.

–Joder, ba ez dut ezagutu.

–Berak zu bai, ordea.

–Geldi hor, Marta: badakit zer egiten saiatzen ari zaren. Ez nauzu errudun sentiaraziko: ez dut ezagutu eta kito. Gainera, ez ginen adiskideak ere, soilik gelakideak. Eta batxilergoan ez zuen institutuan jarraitu.

–Ja.

–Zuk ere agurtu zenezakeen.

–Bera ez zen sekula egon nire gelan. Gogoratu zu baino kurtso bat beherago nindoala.

–Hasieran: gero bi beherago –murduskatu du Junek.

Berehala atsekabetu da Martari errepikatzailea izan zela gogorarazi izanaz. Zorionez, ez dio gaiari heldu, eta zerbitzariaz hitz egiten jarraitu du.

–Goapoa dago.

–Ez naiz fijatu –erantzun du Junek, eta egia da, zerbitzariaren irribarre zuri zabalaz baino ez da gogoratzen, Yusef goapoa egon daitekeenik burutik pasatzen ez bazaio ere, institutuan zebiltzanean itsusi mortala iruditzen zitzaiolako.

–Zerbait esan beharko zenioke kobratzera itzultzen denean.

Junek sekula ez daki Martak halakoak fede txarrez botatzen dituen, ala besterik gabe: orain urduri egongo da Yusef bueltatu arte, zer esan asmatzeko ezgai. Izan ere, institutu hura gorroto zuen: eraikin itsusia, altzari zaharkituak, irakasle urtetsuak, ikaskide zalapartatsuegiak. Berak ikastolara joan nahi zuen, Kontserbatorioko hari-laukoteko bere adiskide Sofia bezala, baina gurasoek, hippie alproja haiek, eskola publikoaren aldeko beren erretolika guztiarekin, ez zioketen sekula utziko. Ezta inoiz bere desioa haiei adieraztera iritsi izan balitz ere. Egin ez zuena, etxeko neska esaneko eta ikastunari zegokion bezala.

Protestatu ez zuen bezala, aita hil, eta amak proposatu zienean, testamentuaren arabera oinordetzan zegozkien haren diruak ez banatzea –erdiaren erdia Junerentzat, eta beste erdia Martarentzat–, eta guztia amari berari uztea, baita Beato Tomas de Zumarraga kaleko etxebizitzaren usufruktua ere. Martari oso ondo iruditu zitzaion amaren proposamena, premiarik ez baitzuen batere. Eta berari, ondorioz, ondo iruditu behar izan zitzaion, orobat.

–Zer moduz lana? –galdetu dio, denbora egitearren, Martari.

–Topera. Leku batetik bestera, gelditu gabe. Chamberíko etxea ez dut zapaltzen ia. Jope, badakizu nor aurkitu nuen aurrekoan Shangain? Iker Urbistondo. Pudong aldeko kokteleria batean nengoen ordezkaritzakoekin, eta hara non agertu zen bera; beste bilera batetik zetorren bezeroekin batera. Ez al zaizu kasualitate galanta iruditzen? Shangain, neska: hiri hura erraldoia da… Halako zerbaiten probabilitateak ikaragarri txikia izan behar du.

Izenaren aditzea badu, nahiz eta aurpegirik ez dion jartzen morroi hari. Baina Olabideko Martaren ikaskide bat izango da, zalantzarik gabe. Aberaskume haietako bat. Marta bai joan zelako Olabide ikastolara, kurtsoa errepikatzeagatik hain zuzen ere: gurasoek beren diskurtso progre guztia irentsi eta, “Marta gajoaren hobe beharrez”, hara bidali zuten DBHko 4. kurtsoa errepikatzera, “ikasleen martxa hobeto zaintzen dute han, gainerago dauzkate irakasleak”. Oztopo handiekin gainditu zuen ikasturte hura, eta baita batxilergoko biak ere, baina ez zuen berriro errepikatu, eta, etxeko guztion harridurarako, bikain moldatu zen karreran zehar, Deustun, eta, ondoren, ESADEn egin zuen masterrean.

Urbistondo hori bezala, bidean etengabe gurutzatzen zaizkio Martari Olabiden ezagutu zituen ikaskide haiek, bera baino urtebete gazteagoak denak. Eta haien senideak, eta haien adiskideak, eta haien sozioak. Lehenengo lanpostua haietako baten bitartez lortu zuen, maiz gogorarazten zuen bezala, kontuari garrantzi handirik eman gabe baina.

Horretan pentsatzen ari dela, Junek ez du entzun bere ahizparen galdera. Errepikatu behar izan dio:

–Ea zu zer moduz lanean…

–Ondo –ez da guztiz egia: aurten talde bereziki zail baten tutorea da, eta oraindik ez daki nola moldatuko den hamahiru urteko pizti haiekin guztiekin. Batez ere Janet eta Valentinarekin: ziur dago haiek ez baleude gelako giroa ezberdina izango litzatekeela. Izan ere, beste taldeekin ez du hainbeste arazorik. Nahiz eta, azkenean, beti moldatzen den. Behintzat, kontsolatzen du bere burua, sekula ez zaio egokitu bere institutu zaharrean eskolak ematea. Oraingoz behintzat. Seguru han daudela oraindik altzari zaharkitu haiek guztiak. Nekez jasango luke patuaren ironia hori.

–Nahi duzunean joan gaitezke ospitalera –gehitu du Junek, bere kafe kikara hustu ondoren–. Lehenbailehen amaitu nahi nuke.

–Gaur bertan izan behar du? –galdetu du Martak–. Nik pentsatzen nuen… Azken finean, egun batzuk gehiago gera naiteke…

–Lanean baimen gehiegi eskatu ditut honez gero –“Zu kanpoan bizi zarelako” gehitzeko gogoa izan du Junek, baina garaiz eutsi dio mingainari–. Gainera, horrela genuen adostuta, ezta? Ondo baino hobeto dakizu zein den egoera.

–Hala ere, tira, pixka bat itxaron genezakeen. Esan dizut, niri ez zait inporta… Beste egun bat edo birengatik… Haren ondoan pixka bat egotearren…

–Amaren bizi-testamentuaren baldintzak argiak dira, Marta: honetara iritsiz gero, deskonektatzea eta kito. Nahikoa atzeratu dugu jada unea, zu garaiz irits zintezen.

Marta isilik geratu da, zerbait esatera doala dirudien arren.

Une horretan iritsi da kontuarekin, lehengoa baino irribarre are zabalagoarekin, Yusef. Eta June ohartu da oraindik ez duela pentsatu zer demontre esango dion.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago