E.
Montanan jaio eta bizi izan zen nik Gasteizen ezagutu nuen arte. Literatura konparatuen ikasketak Montanako Unibertsitatean egin ondoren, Europa ezagutu nahi zuela erabaki omen zuen E.-k. Horretarako aitzakia on bat behar zuen, bereziki gurasoak konbentzitzeko. Gure artean bolada batez ibili izanak lortu zuela esan nahi du.
Astean bi aldiz gelditzen ginen E. eta biok Frantzia kaleko kafetegi batean. Ederki gogoratzen dut hari entzun niola lehen aldiz hemengo neska batzuek orrazkera estilo propioa zutela. Basque fringe delakoa. Gauzak zer diren, baina. Dozena bat urte igarota, hainbat emakume ospetsuk modan jarri omen dute. Eta, E.-k bezala, ingelesez bataiatu dute estilo (ustez)berria, Interneten bolo-bolo dabilen izen globalizatuan euskal erreferentziarik ikusi ez dudan arren.
Literatura eta kafea maite zituen, biak arestian emandako ordena horretan. Eta esango nuke, ez horregatik bakarrik noski, bi gauza horiek ere solaskide ona egiten zutela. Irakurle onek hitz egiten ez ezik, entzuten ere badakitelako.
G.
Oso bestelako egoera batean ezagutu nuen G.: trenean, bakoitza bere bizikleta bagoiko kakotik jaisten ari ginela. Araian geratu ginen biok, nahiz eta asmo ezberdinak genituen bi gurpilen gainean ibiltzeko. G.-ren kasuan, denbora gutxi zeraman gure artean, Araba ere ezagutu nahi zuen, hiriburutik atera. Beraz, asteburua zela baliatuta, Araiatik Gasteizera bizikletaz joateko asmoa zuen. Nire kasuan, aldiz, Araiara trenez ailegatu eta gero, Eginoraino jarraitu behar nuen, bertako lagun batekin aspaldiko hitzordua jarria nuelako.
G.-k ez zuen halakorik behin ere egina aurretik, hau da, lehen aldia zuen bizikletaz babazorroen probintzian barrena. Era berean, lehen aldia nuen nik autorik hartzen ez nuela Eginora joateko. Gauzak zer diren, baina. Bigarren aldi batean topo egin genuen, orduan ere bakoitza bizikleta bagoiko kakotik jaisten ari zela. Hasierako irribarre urduritxo pare baten ondoren, hizketan hasi ginen Aguraingo geltokian. Nire belarriek berehala berretsi zidaten begiek modu ez hain zuhurrean emana zidaten informazio hura: iparralderagoko latitudeetatik zetorren aurrean nuen ilehoria.
D.
“Badakizu zein den Afrikako hiribururik populatuena”, galdetu zidan D.-k. Eta isiltasunak eman zion nire ezjakintasunaren berri. “Lagos da. Nigerian dago, eta hiri erraldoi horretatik ordu batera dagoen beste leku batean jaioa naiz ni”. Hamar minutu geroago, gu geunden gizarte etxeko komunera joan nintzen, eta egonaldi laburra aprobetxatu nuen bilaketa azkar bat egiteko telefonoan. Bertan aurkitu nuenaren arabera, Lagos ez zen Afrikako hiribururik jendetsuena, Kairo baizik.
Gauzak zer diren, baina. Komunetik bueltan, hauxe bota zidan lagun berriak ezustean: “Wikipedian begiratzen baduzu, agian Kairo agertuko zaizu. Dena den, datu hori ez da zuzena: Lagosen eta haren inguruan hogei milioi bizilagun inguru daude.”
Biluztua sentitu nintzen une batez. Bai eta lotsatua ere.Wikipediak eskaintzen zuen Afrikako hiriburu populatuen zerrenda horretatik, ia izenen erdia ezezaguna zen niretzat. Gutako nork daki Abidjan-en berri? Atera kalera eta hasi galdezka ea zenbait milioi lagun biltzen dituen Dar es Salaam izeneko hiriak? Mesedez, esango didazue–komunera joan gabe– non dagoen Luanda?
L.
Azken urteotan Hong Kongen ziklikoki gertatutako protestak direla-eta izan genuen lehen eztabaida. Nik hango egoeraz gehiago jakin nahian galdetzen nion L.-ri, baina uste dut hark Txinaren kontrako iritzitzat hartzen zuela nire jakin-mina. Gure artean hainbat debate izan arren, biok baikara odolbero samarrak, inoiz ez da ezer pertsonala izan. Areago, hasieran suertatutako ika-mika horrek gehiago erakarri gintuen elkarrengana nolabait, bietako zeinek lortuko ote zuen hitzezko borroka irabaztea hurrengo enkontruan. Aitortu beharra daukat sekula ez naizela L.-rekin aspertu, eta hori gauza handia da.
Guangzhou edo Kanton eremuan sortua da bera. Kantoneraz egiten dute haren familian, 120 kilometro ingurura dagoen Hong Kongen bezala. Gauzak zer diren, baina. Txinako gobernua zein protesta egiten dutenak kritikatzen ditu L.-k, ahoan bizarrik gabe.
Harekin izandako azken eztabaida Zeledonen gainekoa izan zen. Hasieran, kuriosoa eta sinpatikoa iruditzen zitzaion panpina botatzearena. Geroago, norbaitek azaldu ostean jatorrizko Zeledon nor izan zen, galdezka hasi zitzaidan egun batean. Haren hitzetan, jakin-minetik.
Hezur-haragizko inizialak
Ez naiz ausartu izen osoak ematera. Euskaraz idatzita dauden lerro hauek gero eta ulergarriagoak dira Araba izeneko lurralde honetan bizi garenontzat. Horregatik erabaki dut inizialak baliatzea. Egin kontu: hezur-haragizko inizial bakoitzaren atzetik biografia bat dago, besteak beste, noizbait Arabako bazterrak zapaldu eta euskararen herria ezagutu nahi izan duen pertsona batena. Izan ere, une jakin batean bizitzan bidaide izan ditudan E., G., D. eta L. euskara ikasten aritu dira, dagoeneko hain berria ez den XXI. mende honetan. Haietako bakarra bizi da gure artean orain, Mendialdeko herri batean (xehetasun gehiagorik ez ematea ulertuko duzue). Beste hirurek, gurekin urte batzuk egin eta gero, haien bidean jarraitu dute: Kanadara, Alemaniara eta Txinara. Ustez, bertan finkatuko dute euren bizi-proiektua.
Gaurko munduko nomada berriak direla esan dit D.-k, harekin Skype bidez izandako azken elkarrizketan. Jatorri kulturala gorabehera, taldeka mugitu beharrean banaka mugitzen diren nomadak omen dira.
“Someone should write about that, lagun maitea”.