Irakurraldia

Eguna egunekoentzat eta gaua gauekoentzat

Elisa Rueda 2019ko abe. 4a, 10:51

Egilea: Jon Gil

Elisa Ruedak ALEAren Irakurraldia proiekturako idatzitako pasartea. Oier Zearra pilotari ohiak eta Maialen Naberan Alaveseko jokalariak irakurritako testua.

Eguna egunekoentzat, pentsatu zuen Sofiak bere lagunei itxaroten ari zen bitartean. Dagoeneko bi urte pasata ziren, kasualitatez –kasualitatea ez da existitzen– KALEA aldizkaria eskuetara ailegatu zitzaionetik. Barruan iragarki bat, Apinaizen etxe bat salgai zela zioena.

Izki parketik eskegita dagoen Arabako mendialdeko bazter txiki horretara joan behar izan zuen bizitzera, bere burua ezagutzeko, bere paradisua aurkitzeko.

Ander eta Miren betidanik ezagutzen zituen, kuadrillako lagunak baitziren. Gaur zetozen Uxuerekin, haien sei urteko alabarekin, Izki basoan ibilaldia egitera.

Udaberria iristear zela zioen egutegiak, baina basoa lokartuta zegoen oraindik. Zuhaitz biluziz, orbel lehor eta nabarrez margotuta zegoen paisaia. Lurreko hostoek nekez eusten zioten berezko formari, hain ahul, desegin egiten baitziren zapaltzean.

–Entzun, Uxue! Hostoak entzuten dituzu? Zapaltzen ditugunean, hemengo biztanleei abisatzen diete bisita dutela, etorri garela haien lurraldera. –esan zion Sofiak ahopeka Uxueri.

–Hemengo biztanleei?

Harridura aurpegia jarri zuen neskatoak.

Sofiak eskutik zeraman umea. Ander eta Miren atzerago zihoazen, haiek ere eskutik helduta.

–Begira, Uxue, ikusten duzu enbor hori? Ezpainak ditu, eta ondoan dauden bi horiek musukatzen ari direla ematen du.

Gurasoek barre egin zuten, eta Anderrek belarrira esan zion Mireni:

–Ezpainak, bai, baina aluarenak, eta beste horiek larrua jotzen ari direla dirudite.

 

–Maitagarriak hemen bizi dira. Batzuk zuhaitzetan, eta lamiak erreketan. Entzuten dituzu xuxurlak?

Ailegatuak ziren aintzirara. Sofia uretara begira geratu zen, pentsakor, hondora begira, amodiozko abesti leun bat kantatzen.

Umeak ere oso adi jarri zuen belarria; gurasoek, oraindik zuhaitzetan galduta, elkar sutsuki musukatzen jarraitzen zuten.

–Eta zer esaten dute? Ez dituzu entzuten?

–Esaten dute ume bat entzun dutela, eta ikusi duten izakirik politena dela.

Salto egin, eta errekaren beste aldera pasatu ziren, Uxuek ura ukitu zuen, lamiei haien laguna zela esateko.

Gune harritsu atera ailegatu ziren. Harri oso handiek santutegi itxurako haitzulo bat osatzen zuten.

–Hemen izaki maltzurrak bizi omen dira. –Esan zuen Sofiak, Uxue kobazulotik urrundu zedin. Uxueren amaren begirada izutua ikusi zuenean, ordea, azkar zuzendu zuen kontua.

–Ez izan beldurrik, iratxoak dira, jeinu bihurriak. Maitagarriak sartzen badira, haiek lokatzez zikintzen dizkiete hegoak. Baina ez digute ezer egingo, nire lagunak dira-eta.

Ander belarrira ari zitzaion Mireni. Makurtu, eta sartu egin ziren.

–Etor zaitez, nire maitagarria, zure jeinu bihurria naiz…Zer nahiago, hegoak lokatzez bustitzea edo…

–Ama, atera hortik, ez diozu entzun Sofiari jeinu maltzurrek bihurkeriaren bat egin ahal dizutela?

Mirenek, barrez, arrastaka atera zuen Ander kanpora. Denbora luzea zeramaten elkarri eskua eman gabe edo ezkutaketan jolastu gabe: hurbildu, probokatu eta gero ezkutatu, azkenean desioak jota etxeko edozein bazterretan larrua jotzen bukatzeko. Maitagarriengan sinesten zuen ume zoragarriak sei urte zeramatzan haien denbora guztia hartzen.

Magalean gora jarraitu zuten, non pago gehienek zulogune bat zeukaten.

–Begira, Uxue, zulo hauetatik sartzen dira maitagarriak etxera joateko. Behean bizi dira. Zuhaitzen azpian, sustraien artean, kalez beteriko labirinto bat dago.

Anderrek eskua sartu zuen zulo horietako batean, eta Miren aieneka hasi zen, benetan maitagarri bati iletik heldu balio bezala.

Uxue, izututa, korrika hurbildu zen enborrera. Berehala konturatu zen txantxa bat zela. Etsita, eztulka hasi zen, egun hartan lehenengo aldiz.

Amak besoetan hartu zuen. Bere neska kuttuna berriro hasiko ote zen asma madarikatuarekin, oxigeno faltarekin, eta ospitalean ingresatu beharko ote zuten?

Sofiak lasaitu zituen. Azaldu zien eztul hura maitagarrien hautsak eragindakoa zela. Seguruenik, zulo hartatik atera zen maitagarri baten hautsa zela, eta jendeari eztula eragiten ziola. Defentsarako erabiltzen zuten maitagarriek, jendea uxatzeko, haien bizilekuak ez aurkitzeko.

Uxue nekatzen hasia zen, eta Sofiak besoetan hartu zuen.

Anderrek gerritik hartuta xuxurlatzen zion Mireni, ahots urratuarekin:

–Maitagarriaren hautsa, laztana. Non ezkutatzen dituzu zure hautsak?

–Kontuz nire hegoekin, jeinu bihurria! Gerritik hartu nauzunean, ia apurtu dizkidazu!

–Zure hauts liluragarriak nahi ditut. –urrumatu zion Anderrek–leun besarkatuz aldaketatik.

–Isildu, beste maitagarriek entzungo dizute-eta; sorginkeriaren bat egingo digute!

Arregi izeneko lursaileraino igo ziren. Handik, Izki basoa haien oinetan geratzen zen, haritzondoak oraindik more eta biluzi.

 Zeruertzean, Kantauri mendilerroan bukatzen zen haritzondo eta pagoen Shangri-La.

–Bernedotik zoazela Herrerako mendatea dago, eta, beste aldean, Errioxa. –Sofiak ibilbidea seinalatzen zuen– Une zoragarri batean, badirudi aldapa igo, eta denboraren atea zeharkatzen duzula; bat-batean pagoek eta haritzondoek lekua uzten diete mahastiei.

Neskari begiratu zion, ez zuen ezer ulertzen. Orduan, beste maitagarri batzuez hitz egin zion, mahasti artean bizi ziren haiei buruz: mahatsekin jolastu, eta edabe miragarri bat egiten zuten, zuria batzuetan, besteetan, beltza. Belarrira xuxurlatu zion beste egun batean haiek ezagutzera joango zirela.

Urdin iluna grisarekin nahasten zen zeruan, jaisten hasi zirenean.

–Uxue, begira, zuhaitz hau gaztainondoa da. – Oraindik baziren lurrean morkots batzuk, baina umeak ez zituen hartu nahi izan, ez ziztatzeko.

Enbor batean eseri ziren, eta Sofiak kontatu zien zergatik dituzten arantzak morkotsek.

Anderrek estu hartu zuen berriro Miren gerritik, leuntasunez altxatu zion jertsea praketatik eta eskua sartu zion bizkarretik.

–…basoko aztiak lagundu egin nahi zion gaztainondoari, animaliek fruituak jan ez zitzaten, eta arantzak josi zizkien gaztainei.

Anderren eskuak bide egin zuen Mirenen ezkerreko bularreraino, Mirenen eskua Anderren praketan sartu ahala.

–Eta aztia non bizi da? – Galdetu zuen Uxuek.

–Basoan. Kapa oso handi bat du, estali eta ikusezin bihurtzen duena.

–Gaiztoa al da?

Mirenek Sofiari begiratu zion. Gaua gertu zegoen eta umearen amesgaiztoak gurasoen ohean baino ez ziren baretzen. Gau hartan, ordea, Mirenen eta Anderren begiak amodioz gainezka zeuden.

–Ona da. Izki basoa zaintzen du, baita bertako animaliak eta izakiak ere. –Sofiak bere ingurura begiratu zuen aztiaren bila ari balitz bezala.

Etxera ailegatu ziren.

–Denbora oso azkar pasa zait! –Esan zuen umeak.

–Maitagarri bat zarelako, ez bazenekien ere. Oinen ordez hegoak erabili dituzulako.–Esan zuen Sofiak txantxetan bizkotxo zati bat mozten zion bitartean.

–Luzatuko dituzu zure hegoak nire gainean gero? Nik pagoetatik hartu dudan beste gauza bat emango dizut trukean. –Xuxurlatu zion Anderrek Mireni lepoan.

Mirenek eskuak hartu zizkion eta ez zuen ezer ikusi.

–Zer emango didazu?

–Aztiaren hautsa!

Gauez itzuli ziren Gasteizera. Bakarrik geratu zenean, urduritu egin zen Sofia.

Logelara joan zen. Arropa kentzen hasi zen, astiro. Kontu handiz kendu zuen jertsea, azala ez urratzeko. Hegoak askatu zituenean, arinago sentitu zen. Leun astindu, eta leihora hurbildu zen.

Gaua sartzen sentitu zuen; ondo ezagutzen zuen basotik zetorren deia.

Gutxi barru hegoak bustiko zizkion lamiaren ahotsa zen.

Eguna egunekoentzat eta gaua gauekoentzat, esan zion Sofiak bere buruari, ohean itxaroten zuen bitartean. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago