Aurrekontu berriekin, Sorginenea eta LGTBI+fobiaren Behatokia "bideraezinak" direla salatu dute

Erredakzioa 2019ko abe. 3a, 13:50
Sorginenea eta LGTBI+fobiaren kontrako behatokiko kideak izan dira prentsaurrekoan. / Lumagorri

Bi egitasmoak "hiri proiektu estrategikoak" direla gogoratu diete udal agintariei.

Sorginenea Emakumearen Etxea eta Lumagorriren LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia hedabideen aurrean azaldu dira gaur, Gasteizko Udal gobernuak aurkeztu dituen aurrekontuak bi proiektu horiek "bideraezin" egiten dituela salatzeko.

Bi kasuetan hitzarmena aurten sinatu dute, egitasmoa abian jartzeko helburuarekin eta sei bat hilabeterako; Sorginenearen aurrekontua 90.000 euro eta Behatokiarena 30.000 euro. "Gorka Urtaran alkateak eta Maider Etxebarria alkateordeak aurkeztutako aurrekontu-proiektuan, 2019ko aurrekontu biak bere horretan uzten dituzte. Hau da, sei hilabeterako aurrekontuak zirenak 12 hilabeterako izango dira", salatu dute goizean eman duten prentsaurrekoan.

Biak "hiri proiektu estrategikoak" direla gogoratu dute, prozesu luzeen ondorioz sortuak eta mugimendu feminista eta LGTBI+ren aldarrien emaitza. Eta nabarmendu dute Gasteizko Udalak aho batez onartu zuela bi proiektuak sendotzeko eta bermatzeko "baliabide nahikoak" jarriko zituela.

"Baina errealitatea bestelakoa da, eta aurreko legealdiaren amaieran martxan jarri zena hiltzen uzten dute legaldi honetan", kritika egin dute prentsaurrekoan. "Argazkia atera eta proiektua saldu ondoren, EAJ-PSEk osatutako udal gobernuak proiektua finkatzea eragozten du eta bideragarritasuna oztopatu". 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide