Irakurraldia

Zazpi idazle arabarrek osatutako liburuxkaren irakurraldia, zuzenean

Erredakzioa 2019ko abe. 3a, 09:00

Euskararen Egunaren harira, zazpi idazle arabarren idazlanez osatutako ALEA. Arabako pasarteak liburuxka berezia aurkeztuko da abenduaren 3an. 10:00etatik aurrera, zuzenean ikusteko aukera egongo da.

Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunak aitzaki, asteroko albiste zurrunbilotik fikziorako jauzia egin du Arabako ALEAk. Bertako idazleen eskutik, asteroko erreportaje eta elkarrizketek literaturari egingo diote lekua 218. zenbakian, idazlan laburrez osatutako liburuxkarekin.

Iban Zaldua, Karmele Jaio, Katixa Agirre, Mikel Ayllon, Beñat Goitia, Elisa Rueda eta Edu Zelaieta idazleen eskutik, pasaia, istorio eta gogoeta desberdinetan murgilduko da irakurlea, Jon Gil ilustratzaileak sortutako irudiek lagunduta. Iraultzak, sexuak, segregazioak, aniztasunak, naturak, hitzak eta euskarak berak ere eramango ditu irakurleak batetik bestera.

Irakurraldi publikoa

Oihaneder Euskararen Etxean egindako ekitaldian, zazpi idazlanen irakurraldi publikoa egingo da, 10:00etatik aurrera, beste hainbeste lagun ezagunen eskutik; kultura, kirola eta gizarte arloko hamalau lagunek irakurriko dituzte, euskal komunitate pluralaren erakusgarri. 

Irakurraldira gerturatzeko aukerarik ez dutenek, baina, idazlanak etxean jasotzeko aukera izango dute, liburuxkaren banaketa zabala egingo delako hurrengo egunetan, ALEAren harpidedunei eta ezohiko guneetan ere bai.

Liburuxka eta irakurraldiaren bitartez, "euskal komunitatea bizirik" dagoela nabarmendu nahi du ALEAk. "Bertako kultur sorkuntzaren balioa azpimarratu eta lankidetza zein kolaborazioan oinarritutako lanaren emaitzak zein oparoak izan daitezkeen irudikatu nahi dugu", adierazi du Aritz Martinez de Luna ALEAren zuzendariak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago