Alaves 1- Real Madril 2

Alavesek itxura ona emanez galdu du Real Madrilen aurka

Ibon Gorrisi 2019ko abe. 2a, 10:52
Ondo aritu dira arabarrak, baina talde handi-mandi hauen aurrean ezin da okerrik egin. / ALAVES

Bigarren zatian egindako hutsek 1-2ko garaipena eman diote talde madrildarrari.

Alavesek atzealdean egindako akats larriek eman diote garaipena Real Madril taldeari. Partida osoan zehar itxura oso ona eman du baina era honetako talde handi-mandi hauen aurrean ezin da okerrik egin. Geldikako jokaldietan erraztasun gehiegi eman ditu eta hortik etorri dira jasotako bi golak.

Lehen zatian eta euripean, talde arabarrak ezin hobeto eutsi dio Real Madril taldeak egindako jokoari. Atzealdean, ohi bezala edo gutxienez azken neurketetan bezalaxe, sendotasun ikaragarria erakutsi du. Zelai erdiko jokalariek presio ikaragarria egin dute eta aurrealdean Joseluk eta Lucas Perezek gelditu gabe borroka izugarria egin dute.

Asier Garitanok jarritako 4-4-2ko sistemarekin ondo baino hobeto eutsi dio Real Madril ahalguztidunari. Izan ere, atsedenaldira joan baino lehen indarrak oso parekatuak izan dira. Garbi zegoen Alaves taldeko entrenatzaileak diseinaturiko plana, Ipuruan egindakoa errepikatzea. Hau da, lehen zatian eustea eta bigarren zatian ezustean harrapatzea kontraeraso batean.

Dena den, bigarren zatian gauzak berehala okertu izan dira. Lehen gola atsedenetik bueltan eta bost minutura etorri da. Atzelariak eta atezaina erabat lo zeudela, Sergio Ramosek buruz saretara bidali du baloia. Gerora, atzelari madrildarrak berak penalti inozoa egin du. Lucas Perezek, nola ez, ez du hutsik egin eta berdinketa jarri du markagailuan.  Zailena eginda, zaleekin batera bazirudien garaipena hurbilagoa zegoela. Baina, ametsa berehala busti eta desegin da. Izan ere, handik hiru minutura, berriz ere, goikako jokaldian Iscok buruz area txikian egindako errematea Pachecok gelditu arren, aldaratzea Carvajalek jaso du eta saretara bidali du, 1-2koa eginez.

Halere, Alaveseko jokalariak ez dira kikildu eta berdinketaren bila aritu dira. Arauzko denbora betetzear zela, Alavesek bost korner bota ditu elkarren segidan. Hirugarrengoan Lucas Perezek erremate indartsua egin du eta Marceloren hanketan jo ondoren kanpora joan da. Egindako azken ahalegin hauek ez dute fruiturik eman baina argi eta garbi erakutsi dute taldea gero eta hobeto ari dela. Hurrengo partida Granadan izango da datorren larunbatean 16:00etan. Ea etxetik kanpoko bigarren garaipena izaten den!

Alaves: Pacheco, Martin, Laguardia, Ximo Navarro, Duarte; Aleix Vidal, Wakaso (82'. Manu), Pina (76'. Pere Pons), Luis Rioja (59'. Burke), Lucas Perez eta Joselu.

Txartel horiak: 6'. Aleix Vidal; 45'. Pina; 66'. Lucas Perez; 79'. Duarte.

Real Madril: Areola; Carvajal, Militao, Sergio Ramos, Marcelo, Casemiro, Kroos, Modric (80'. Valverde), Isco (90'. Mendy), Bale (67'. Rodrygo) eta Benzema. 

Txartel horiak: 32’. Modric, 64’. Ramos, 80’. Militao

Golak:

0-1: 51’. Ramos
1-1: 66’. Lucas Pérez
1-2: 69’. Carvajal

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

19.357 ikusle bildu dira lehia ikusteko; gutxi falta izan zaio guztiz betetzeko. Eguraldiak ez du batere lagundu, izan ere, euria ia-ia goiz osoan zehar egin du. Dena den, harmailetan izandako giroa paregabea izan da. Izugarria. Zaleek asko bultzatu dute taldea eta pena izan da, gutxienez, punturen bat ez urratzea. Partida bukaeran zaleek eta taldeak bat egin dute. 

Mendizorrotzeko harmailetan hitz eta pitz

Egun handia. Jendea goizean goiz Alaveseko kamisetarekin, batzuk hiriko futbol zelaietara neska-mutikoen partidak ikustera, beste batzuk hamaiketako egitera, beste batzuk erosketak egitera… Egun polit horietakoa. Halere, euria, euria eta euria. Hona hemen zaleek esandakoa:

"Gaur baietz errepikatu iazko emaitza."

"Ze polita izan zen garaipen hura, gaina Manuk egindako gola. Hura eromena, hura! Ea gaur ere errepikatzen duten!"

"Beno, Zidanen semeak hemen jokatu zuen eta hori dela eta ordezko jokalariak aterako ditu. Batek daki."

"Hau giroa, hau! Ze polita dena, pena euria. Benga, bada, aupa Alaves".

"Ondo ari gara, ondo. Borroka ta borroka, horixe bere egin behar dugu. Bestela jai!"

"Aiba, Garitanok talde erasokorra atera du. Ze arraroa! Ez dago gaizki. Ez, bada. Irabazteko ausarta izan behar bai ala bai".

"Berdegunea irristakor dago, hobeto guretzat. Guk euriarekin hobeto jokatzen dugu. Ze ondo taldea lehen zatian. Oso ondo".

"Atsedenaldia eta ondo aritu gara. Oso ondo! Orain ea harrapatzen ditugun eta gola sartu ta akabo fandango".

"Baina, baina, zer gola egin duen Ramosek. Gainera, famatu honek guri egitea gola. Ze tontakeria egin du ospatzeko. Buf, famatu hauek!"

"Baina Pacheco eta Ximo Navarro lotan zeuden. Atezaina oso ona da, baina halako baloietan ez da ateratzen. Hau pena!"

"Penalti, penalti. Goooolaaaa! Lucas, Lucas, hori da hori. Zer egin du? Maskara jarri du aurpegian. Ai, jokalari hauek. Ikusi duzu txartel horia inozokeria egiteagatik. Ez dute ikasten".

"Baina, hau zer da? Berriz ere lotan. Laguardia erabat lo gelditu da eta bigarren egin dute. Lehenengo akatsa Isco errematatzea eta bigarrena area txikian Carvajal bakar-bakarrik egotea".

"Beno, Manu atera da. Ea iaz bezala gola egiten duen".

"Korner, beste bat, beste bat, orain, orain dator gola. Benga, orain, orain…"

"Ze pena! Taldeak gehiago merezi izan du. Askoz gehiago".

"Beno, hurrengoan Granadaren aurka. Hor baietz berriro garaipena".

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide