Goizetik arratsaldera luzatu da Euskararen Egunaren egitaraua Aiaraldean; Orozko aukeratu dute ospakizuna egiteko eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideek eta udaleko ordezkariek hartu dute parte ekitaldi nagusian. Dena den, herritarrak izan dira protagonista nagusiak.
Gaubean, berriz, hilabetero bertako nekazariek eta artisauek antolatzen duten azoka baliatu dute Euskararen Eguna ospatzeko; Judimendiko joaldunen laguntza izan dute horretan baita txalapartarien parte-hartzea ere. Dozenaka lagun hurbildu dira Uribarri Gaubeara bertako ekoizleen produktuak dastatzera; gainera umeentzako joaldun tailerra eta joaldunen kalejira izan dira frontoiaren inguruan.
Aramaion ere hainbat ekintza dituzte egunotan. Iganderako herri lasterketa bat antolatu dute; haur zein helduk korrika egiteko zapatak jarri eta algaraz bete dituzte herriko kaleak. Euskararen arnasguneak den herria igaro dute behin, birritan eta hirutan gutxienez. Ondoren mokadutxo bat jateko aukera izan dute nekea baretzeko.