Bi dira Gasteizen elitean lehian ari diren kirol taldeak: Alaves eta Baskonia. Talde profesionalak biak, club pribatuak biak, instalazio publikoez baliatzen direnak: Mendizorrotza eta Buesa Arena.
Kirol profesionala entretenimendurako industria bihurtu da, clubak enpresa bilakatu dira eta, era berean, gure kasuan, hiriaren sustatzaile. Batetik, zaletasunaren pizgarri. Bestetik, Gasteiz hiriaren izena zabaltzeko bultzatzaile, eta ostalaritzaren eta turismoaren mesedegarri. Club profesionalak, Alaves eta Baskonia, aktibo ekonomikoak omen dira.
Oinarrizko kirola eskoletan egiten dena Diputazioaren babesean, talde amateurrek hainbat disziplinatan egiten dutena federazioen abaroan, edo bere kabuz hainbat eta hainbat hiritarrek praktikatzen dutena. Oinarrizko kirolak herritarren osasunerako aktiboak dira.
Nola lotu era orekatu batez bi motako kirol hauek, zeini lehentasuna eman, nola banatu bien artean baliabideak eta diru laguntza publikoak? Duela urte batzuk birmoldatu zituzten Mendizorrotza futbol zelaia eta Buesa Arena pabiloia. Joan den udan, Final Fourra ospatzeko, Foru Aldundiaren aldetik zein Udaletik dirulaguntzak jaso zituzten antolatzaileek. Udal instalazioak egoera onean ez omen zeudelako, 2019-2020 denboraldiaren hasiera atzeratu zuten.
Zuzena al da diru publikoa club pribatuen alde bideratzea? Zeini eman lehentasuna, kirol ikuskizunari edo kirol praktikari, sofa-kirolari edo zapatila-kirolari, club pribatuei edo oinarrizko kirolari, entretenimendu industriari edo kirol jarduteari? Egia bada batak sustatzen duela bestea, kirol profesionalak oinarrizko kirola, egia da, baita ere, bigarrena dela hiritarren osasuna bultzatzen duena.
Baliabide mugatuak kudeatzen ditu ekonomiak, interes kontrajarriak politikak. Aktibo ekonomikoak batean, osasunarekin lotuak bestean. Zeini lehentasuna eman?
Mendizorrotza zelaia handitu ordez, hobe diru hori oinarrizko kirola bultzatzeko eta beste udal kirol instalazioak egoera egokian mantentzeko erabiltzen bada.
Kirola egitea kirola ikustea baino osasungarriagoa da, beraz, sofa baino zapatila!