Gasteiz, hiri aktiboa eta euskalduna

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2019ko azaroaren 29a

Gasteizko Euskaraz, 1+1… Hamaika!  ekimenaren barruan ospatu zuten atzo, azaroak 28, gazte mintzodromoa Oihaneder Euskararen Etxean, hiriko Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleekin euskaraz eta hizkuntzaren egoeraz hitz egiteko. 'Hiri aktiboa' izan zuten mintzagai eta etorkizunera begira jarri ziren gazteak, etorkizuneko Gasteiz irudikatuz. Gonbidatu berezia Gorka Urtaran alkatea izan zen eta Gasteizko etorkizuna euskaraz irudikatzen duela azaldu zuen. Haren esanetan, euskara baita "euskaldunon altxorrik preziatuena" eta "lehen hitza beti euskaraz egitea" garrantzitsutzat jo zuen.

Bai Euskarari Elkarteak antolatzen du topaketa, Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin, ikasleen arteko harremanak euskaraz sustatzeko eta bizitzako arlo ezberdinetan hizkuntzaren egoeraz eztabaidatzeko.

Launakako taldetan elkartu ziren parte-hartzaileak eta arlo ezberdinei buruz mintzatzeko aukera izan zuten.

Hasteko, hiri adimenduna edo smart city izan zuten mintzagai eta alde ezberdinetatik heldu zioten gaiari: hiriaren erabilera adimenduna egitera bideratuta duaden tresna teknologiko eta aplikazioak; big data eta kontrola; egunerokotasuna errazteko aplikazioak; euskarak aplikazioetan duen presentziaz...

Bigarren gaia mugikortasunaren ingurukoa izan zen. Hiriko mugikortasuna hobetzeaz eta garraio publikoaz aritu ziren, besteak beste. Gazte batzuek aipatu zuten garraio publikoa erabiltzen dutela, baina "garestiegia" dela.

Hirugarren gaia kirolarekin lotutakoa izan zen. Azken aldian kirol-hitzordu garrantzitsuak eman dira hirian (saskibaloia, iron-mana...) eta horietan euskarak duen presentziaz ere aritu ziren.

Azken gaia euskararen ingurukoa izan zen: Gasteiz, #LehenHitzaEus hiria. Kontsumo-harremanetan euskarari ematen dioten garrantziaz hitz egiten aritu ziren, besteak beste.


Argazki guztiak hemen:

 

#GasteizenBaiEuskarari mintzodromoa 2019

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago