Arabako toponimia historikoa da Roberto Gonzalez de Viñasprek (Bilbo, 1961) gehien landu duen ikerketa esparrua, eta arreta bereziarekin Trebiñukoa. Hantxe bizi izan da gaztetatik, eta hura du erreferente nagusia gaur egun ere. Administrazioaren aldetik konderrian euskarak bizi duen "ukazioa" atsekabez bizi du, normalizaziorako bidean poliki-poliki ematen ari diren pausoak nabarmendu baditu ere.
Euskaltzain izendatzeko sarrera-ekitaldia, joan den maiatzean, Trebiñun egitea aukeratu zenuen. Momentu historikoa izan da hori.
Egun zirraragarria izan zen niretzat, emozioz betea. Ez nuen duda izpirik izan Trebiñun izan behar zuela eta hango euskarari buruz. Euskarak duen historiaren aipamena egin nuen gaur egunera arte etorrita, eta ezin nuen esan gabe utzi euskarak Trebiñun Administrazioaren aldetik pairatzen duen egoera tamalgarria. Euskal Herrian ondo dakigu euskarak oso estatus diferenteak dituela, eta Trebiñun errealitate ukatua da, espresuki ukatua. Gaztela eta Leongo erakundeetatik ukatu nahi izan dute, aukera izan dutenetan, euskara inoiz hitz egin denik. Eta hori gezurtatzeko hor dago, esaterako, toponimia.
Ez dute hizkuntza bat aberastasun modura ikusten?
Ikusmira estu hori pobrezia eta intolerantzia seinale besterik ez da. 2000. urtean Trebiñuko Udalak lehenengo urratsak egin zituen, eta, esate baterako, erabaki zuen udaletxe barruko xafla guztiak bi hizkuntzetan izan behar zirela. Gaur egun nekez gertatuko zen orduko zalaparta. 2008an beste pauso bat eman eta herri guztietako kale izenak bi hizkuntzetan jarri ziren. Eta normaltasun osoz ikusten da egun. Aurrera egindako urratsak dira.
Normalkuntzaren bidean hartutako neurriak oraindik "inposizioa" direla diote hainbatek. Zer egin?
Jakintasun falta bada, pedagogia gehiago. Eta bestela elkarbizikidetzaren aldeko apustua; sinisten dut goitik behera hizkuntzak direla komunikazio kodeak, eta, beraz, harremanak sendotzeko tresna direla, eta ez konfrontaziorako. Bi hizkuntzak darabiltzaten hiztunekin begirunea izan behar da. Eta euskarak izan behar du osorik komunikazio tresna bat, "noranahikoa" Lizardik esaten zuen moduan, normaltasunez txertatua gure gizartearen esparru guztietan. Garbi dago nabarmen ahul dagoena euskara dela gaur eta hemen, eta oreka horretara ailegatzeko euskarak egon behar du gaztelaniaren parean.
Euskararen Eguna ospatuko da asteartean.
Mugarri bat da egun hori gure ibilbidean, erreferentzia bat, baina nik egunerokoan sinisten dut. Euskarak izango du hiztunok ematen diogun tokia, eta hori da benetan kezkatzen nauena; adin guztietan egitekoa da. Globalizazioaren garai hauetan, gazte jendeak sentitu behar du euskara ekarpen bat dela alde praktikotik. Niretzat, esaterako, euskarak du sekulako balio sinbolikoa, baina euskararen normalizazioa ez du horrek ekarriko. Batzuk ezagutu dugu euskara ukatua zegoen garaia eta ahalegin pertsonala egin dugu ez genekien hizkuntza hori ikasteko, baina egungo gazteengandik errealitate horiek oso urrun daude. Ekarpen praktikoa izango da euskara iraunaraziko duena, eta, besteak beste, gazteek eskura duten eskaintza digital amaigabe horretan hainbat produktu eskaintzeko ahalegin berezi bat egin behar da.
Gizartearekin batera doa Euskaltzaindia?
Erakunde guztien erronka da gizartearekin bateratsu joan beharra. Neurri handi batean, gidalerroak ematea da Euskaltzaindiaren lana, aholkuak ematea arauak baino gehiago; alegia, hizkuntza izango da euskal gizarteak nahi duena, eta bihar-etziko euskara izango da hiztunok darabilguna eta usadioaren bitartez gauzatzen dugun hori. Euskaltzaindiari dagokio euskararen berezko ezaugarri batzuen berme ematea eta eguneroko erabileran sustraitzen diren erro sendoak jartzen dituzten horiek aintzat hartzea. Eta, zorionez, monolitikoak ez garanez, gure eztadaidak izaten ditugu alde eta kontra. Esaterako, "bokata" onartu du Euskaltzaindiak, gurean txertatuta dagoen hitza delako eta euskararen parte delako. Ez onartzea errealitatearen kontra egitea litzateke.
Onomastika atalean, leku izenak aztertzen dituzu. Buruhauste asko ematen dituzte?
Leku izenei ere errespetu bat sor zaie, euskaldunon betebeharra da hori hurrengo belaunaldiei ere eskuratzea. Horietan aldaketak egitea ezin dezake oinarri izan demagun hogei urtean nola itxuraldatu den. Batzutan ahozko tradizioa nabarmen aldenduta dago idatzizko erabileratik, eta asko zailtzen du onomastikaren jakintza esparrua. Aramaion Etxaguen auzoa dena Etxan bada ahoz, zilegi da ahozko erregistrorako, baina izen horiek errotulatu behar badira horiek idatzizko erregistrora jotzen da. Zorionez lan handia egin da azken hogei urteetan baina ez da lana bukatu.
"Bihar-etziko euskara izango da euskal hiztunok darabilguna, euskal gizarteak nahi duena"
Hainbat eztabaida izan da; 'Guardia-Biasteri' izenekin esaterako.
Biasteri izenaren alde egin zen garai batean pentsatuta hori zela jatorrizko forma. Ikerketaren bitartez jakin da gaur eguneko Viñaspre-tik zetorrela Biasteri, eta gainera grafia akats batekin. Lagran inguruan, halaber, Guardiabide toponimoa aurkitu da. Orduan konturatu zen Onomastika batzordea bertan behera geratu zela ordura artekoa. Beste adibide bat izan daiteke Baños de Ebro; 1978an hobetsi zen zilegi zela zenbait leku-izen itzultzea; hori gaur egun ez da inondik inora onargarria, baina orduan analogia erabiliz Mañueta sortu zen eta arrakasta handitsua izan duen izena da, nolabait gizarteratu dena. Nahiz eta gaur egungo ikuspuntutik hori ez litzatekeen egingo, eta jakinda ere hori ez dagoela dokumentatuta, uste dut aski dela hamarkada hauetan herritarrek izen hori bere egin dutenean izen hori geratzeko eta eskubide osoz. Garaian garaikoa.
Pedagogia lana ere garrantzitsua izango da, ezta?
Funtsezkoa da, nire ustez. Halako eztabaidak Araban gertatzen ari dira aurrera egiten ari garelako ikerketan eta dokumentazioan. Itxurazko kontraesan horiek ager daitezkeen arren, tokian tokikoek ondo jakin behar dute, eta ñabarduraren bat baletor hori argi eta garbi azaldu behar da.
'Kantabria' edota 'Toloño' mendilerroak ere eman du zeresana.
Oso ondo dokumentatuta dago Kantabria moduan gaur egun duen indarrarekin noiz zabaltzen hasi zen; 1960ko hamarkadara arte ez da zabaltzen hasten, eta nahikoa da udal aktak begiratzea. Zein da herri batek idatziz sortu dezakeen dokumentaziorik gertukoena? Tokian tokiko udalarena. Bistan da Toloño dela jatorrizko forma, ahuldutako forma, baina gaur egunera arte iritsi dena bai ahoz eta baita idatziz ere. Ez da egoskorkeria kontu bat. Euskaltzainditik gomendioa da benetan tradizio kontrastatuari eutsi behar zaiola. Gero zein izen erabiliko den? Gizarteak nahi duena, argi eta garbi.
Zer lan duzue orain Onomastika sailean?
Gure lanean ezinbesteko erraminta da irizpide bilduma, eta eginkizun ditugunetan nabarmentzekoa da. Tipologia zabaltzen doa eta ñabardura gehiagoren beharrizana dago, kohesio bat eman behar da, Euskal Herri osorako eta errealitate linguistiko guztietarako irizpide bilduma osatu behar dugu. Urtebeteko epean, hori landu eta berrikustea da erronka nagusietako bat.