Eguberri giroa ez ezik, urtearen amaiera euskal itxura hartzen hasia da: abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Egunari iaz Euskaraldia gehitu zitzaion. 1949an Eusko Ikaskuntzak martxan jarri zuenetik, ondo errotutako eguna da lehena. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, kalean zein erakundeetan. Gainerako Euskal Herrian, kaleetan eta euskaldunen gogoan. Bigarren ekimenari dagokionez, lehen edizioa besterik ez du egin oraindik Euskaraldiak, baina ezin uka estreinaldi bikaina izan duenik. Geurean, parte-hartzeari dagokien zenbakiak ikustea besterik ez dago: 325.000 biztanle inguru dituen herrialde batean, 20.279 arabar modu aktiboan aritu ziren euskararen alde. Zehazki, 12.896 ahobizi 7.383 belarriprest. Balorazioak balorazio, Arabaren egoera soziolinguistikoa ezagututa, itxaropenerako zenbakiak dira horiek. Aurten Euskaraldirik ez, baina iazko ariketari buruzko gogoeta eta datorren urtekoari begirako prestaketak hasiak dira dagoeneko.
Lehen xehetasunak ere ezagutzen hasiak dira. Ariketaren oinarri nagusia bere horretan mantenduko da: ahobizi eta belarriprest gisa aritzeko aukera egongo da. Esan beharrik ez dago, bi hitz horiek gogotik errotu dira euskaldunon eguneroko hiztegian. Bigarren edizioari begira, baina, talde kutsu handiagoa eman nahi izan diote ekimenari, eta herrigintzari esker sortzen ari den hiztegian ekarpen berria egin dute. Apuntatu ondo kontzeptua, gero eta gehiago entzungo baita: arigune. Hitz horren bitartez deskribatu nahi izan dute euskararen aldeko tresna erabilgarria bihurtzea espero den kontzeptu berria. Hori izango da, beraz, Euskaraldia 2.0-ren berrikuntzarik nabarmenena.
Barne zein kanpokoa
Talde lana indartzeko filosofia horren barruan, entitateei begirako kontzeptua da arigunea, eta izenak berak helburuaren zantzua aurreratzen du: funtsean, euskaraz aritzeko guneak izango dira. Euskaraz eroso aritzeko espazioak, hain justu. Enpresak, instituzioak, kooperatibak edota kirol elkarteak izango dira gune horien bermatzaileak. Maila teknikora jaitsita, ekimenaren sustatzaileek bi motakoak izango direla aurreratu dute. Batetik, barne ariguneak, leku eta talde itxietan gauzatuko direnak. Horietan, baldintza bakarrak izango dira denek euskaraz ulertzea, eta bertan daudenen %80 ados egotea. Bestetik, kanpo ariguneak egongo dira: herritarrei begira lanean ari diren erakundeetan sortuko diren espazioak dira. Horiek uneoro euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatuko diete hala nahi duten herritarrei.
Lehen izen-emateak martxan daude. Irailean ireki zieten hori egiteko aukera herri batzordeei. Horietan oinarritu zen, hein handi batean, iaz egindako lan eskerga. Orain, berriz, entitateek izena emateko epea irekita dago. Norbanakoek, ordea, itxaron beharko dute: 2020ko irailean zabalduko dute herritarrentzat izena eman eta ahobizi edo belarriprest rolak hautatzeko epea. Bitartean, abenduaren 3aren inguruan prestatu diren ekimen sortarekin disfrutatzeko unea da oraingoa.