Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunak aitzaki, asteroko albiste zurrunbilotik fikziorako jauzia egingo du Arabako ALEAk datorren astean. Bertako idazleen eskutik, asteroko erreportaje eta elkarrizketek literaturari egingo diote lekua 218. zenbakian, idazlan laburrez osatutako liburuxkarekin.
Iban Zaldua, Karmele Jaio, Katixa Agirre, Mikel Ayllon, Beñat Goitia, Elisa Rueda eta Edu Zelaieta idazleen eskutik, pasaia, istorio eta gogoeta desberdinetan murgilduko da irakurlea, Jon Gil ilustratzaileak sortutako irudiek lagunduta. Iraultzak, sexuak, segregazioak, aniztasunak, naturak, hitzak eta euskarak berak ere eramango ditu irakurleak batetik bestera.
Irakurraldi publikoa
Abenduaren 3an izango da horiek deskubritzeko aukera, Oihaneder Euskararen Etxean egingo den ekitaldian. Zazpi idazlanen irakurraldi publikoa egingo da han, 10:00etatik aurrera, beste hainbeste lagun ezagunen eskutik; kultura, kirola eta gizarte arloko hamalau lagunek irakurriko dituzte, euskal komunitate pluralaren erakusgarri. Irakurraldia entzuteko bertaratu nahi dutenek info@alea.eus helbidean eman dezakete izena.
Irakurraldira gerturatzeko aukerarik ez dutenek, baina, idazlanak etxean jasotzeko aukera izango dute, liburuxkaren banaketa zabala egingo delako hurrengo egunetan, ALEAren harpidedunei eta ezohiko guneetan ere bai.
Liburuxka eta irakurraldiaren bitartez, "euskal komunitatea bizirik" dagoela nabarmendu nahi du ALEAk. "Bertako kultur sorkuntzaren balioa azpimarratu eta lankidetza zein kolaborazioan oinarritutako lanaren emaitzak zein oparoak izan daitezkeen irudikatu nahi dugu", adierazi du Aritz Martinez de Luna ALEAren zuzendariak.