Alavesek merezimendu osoz irabazi dio Eibar taldeari

Ibon Gorrisi 2019ko aza. 25a, 10:49
Harmailetan giro ezin hobea egon da zaletuen artean. / ALAVES

Joseluk sarturiko bi golei esker lortu du etxetik kanpo lehen garaipena.

Alavesek irabazi dio Eibarri Ipuruan jokaturiko derbian. Merezimendu osoz lortu du etxetik kanpo lehen garaipena. Atzealdean sendotasun ikaragarria erakutsi du eta partidaren bukaeran Joseluk sarturiko bi golei esker hiru puntuak eskuratu ditu.

Partidaren hastapenetan argi eta garbi ikusi dugu bi taldeen planteamendua. Talde armagina behin eta berriz erasora, presio izugarria eginez. Talde arabarra, ordea, atzealdean zain aukera izanez gero kontraerasora ateratzeko. Lehen zatian Eibarrek baloiaren jabetza handia izan du eta area ingurura askotan iritsi da. Arriskua ere zenbait errematetan sortu du baina gola falta izan zaio. Alavesek aukera oso gutxi izan ditu gola egiteko. Halere, izan dituenak oso garbiak izan dira. Horren ondorioz, atsedenaldira husnako berdinketarekin joan dira.

Bigarren zatian, partidaren norabidea ez da batere aldatu. Alaves ondo jarrita izan da atzealdean. Eibarrek baloia alderik alde mugitu du baina ez du gol aukera garbirik sortu. Area inguruan aritu dira baina eraginkortasunik gabe. Talde arabarra ia-ia denbora guztia hor izan da aukerak noiz helduko ziren zain.

Eta jakina heldu direla eta nola gainera! Izan ere, Asier Garitanok lehia amaitzeko hamabost minutu falta zirela Joselu zelairatu du Lucas Perezen ordez. Aurrelariak partida hankaz gora jarri du. Izan ere, 84. minutuan egindako kontraerasoan huts eta bateko egin du. Handik gutxira, Eibar berdinketaren bila buru-belarri ari zenean, egindako kontraerasoan bigarrena egin du eta partida hor amaitu da.

Egia esan, Alaves etxetik kanpo jokaturiko azken neurketetan maila ona erakusten ari zen baina egindako jokoak ez zuen saririk izaten. Oraingo honetan Ipuruan jokaturiko derbian hiru puntuak merezimendu osoz eskuratu ditu. Gainera, balio handiko puntuak dira, batez ere, hurrengo aurkaria Mendizorrotzean Real Madril ahalguztiduna izango delako.

Eibar: Dimitrovic, De Blasis, Oliveira, Arbilla, Cote (80'. Pedro Bigas); Orellana, Diop (86'. Ramis), Escalante, Pedro Leon, Kike Garcia, Sergi Enrich (64'. Charles). 

Txartel horiak: 87'. Arbilla.

Alaves. Pacheco, Martin, Ximo Navarro, Ely, Duarte, Pina, Wakaso (92'. Magallan), Borja Sainz (64'. Pere Pons), Aleix Vidal, Burke, Lucas Perez (72'. Joselu).

Txartel horiak: 36'. Ximo Navarro; 79'. Wakaso. 

Golak:

0-1: 84'. Joselu.
0-2: 90'. Joselu.

Ipurua futbol zelaiko harmailak:

6.315 ikusle bildu dira Ipurua futbol zelaian. Carla Morera, Eibar taldeko jokalariak eta hondartza futboleko txapeldunak ohorezko sakea egin du. Harmailetan giro ezin hobea izan da. Gasteiztik joandakoak une orotan taldeari animoak ematen aritu dira. Partida bukaeran lortutako garaipena kantuan ospatu dute. Jokalariak zale hauengana hurbildu dira guztion artean ospatzeko.

Tabernetan hitz eta pitz

Ia-ia bazkaldu berritan zale asko eta asko bildu dira Gasteizko tabernetan kafea eta pattarrarekin partida ikusteko. Hona hemen entzundakoak:

"Gaur egun polita da etxetik kanpo garaipena lortzeko. Ikusiko dugu baina taldea gero eta hobeto ari da".

"Hau da hau, hamaikakoa. Burke, Borja Sainz hasierako hamaikakoan eta Joselu ordezkoen aulkian. Aurrelari bakarra izango dugu, Lucas Perez. Ea bolada onarekin jarraitzen duen!".

"Beti bezala, atzealdean sartuta eta ea zorte izaten dugun!".

"Gutxienez ikusten da Wakaso eta Pina zelai erdian nagusi direla! Dena mozten dute. Partida ondo doa, ea kontraeraso batean gola egiten dugun! Pixkanaka bada ere, ari gara ari gara".

"Haiek ez dute gol aukerarik sortu eta etxean jokatzen ari dira".

"Beno, bada, ez dago gaizki. Golik ez eta atsedenaldira. Orain seguru aldaketak egiten dituela eta erasora jokatuko dugula".

"Erasora jokatzea? Ezta pentsatu ere, kontraerasora bai. Taldea ondo baino hobeto dago jarrita zelaian. Bat harrapatuz gero partida irabaziko dugu, benetan".

"Orain, orain dator gola! Joselu Lucas Perezen ordez. Batetik pena Lucas Perez bolada ezin hobean dagoelako baina Joselu aurrealdean behar dugu".

"Gooolaaa! Horixe bera, zer jokaldi polita egin dutena! Zoragarria. Gaur bai, gaur bai etxetik kanpo garaipena".

"Gooolaaa! Berriz ere, Joselu, Joselu… Horixe bera, hori da kontraerasoa egitea. Garaipena. Bazen garaia!".

"Hurrengo larunbatean Real Madril, berriz ere, iaz bezala garaipena".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide