Eguraldi txarrarekin, kulturaz busti

Erredakzioa 2019ko aza. 22a, 15:00

Asisko Urmeneta marrazkilariak hitzaldia eskainiko du larunbatean, Landatxo gizarte etxean. Bestetik, Igandeak Jai programaren beste saio bat izango da, eta Iraungorriko Marimiri antzerkia eskainiko dute.

Asteburu euritsuetara ohitzen ari garen honetan, etxean geratu nahi ez eta oraindik plan ezberdinen bat egiteko asmorik duenarentzat, hitzordu ezberdinak eskaintzen ditu Euskararen Agendak.

Gaur bertan, esaterako, Arraia-Maeztun 'Matangi/Maya/M.I.A.' filma eskainiko dute, 19:00etan, udaletxean. Horrez gain, Sahararekiko Elkartasuna Adierazteko Europako Konferentziaren harira, Harresian Zulo, Postal kolekzionistak eta Iker Lauroba & Beste Urtaroak taldeek kontzertua eskainiko dute, Jimmy Jazz aretoan, 21:30etik aurrera.

Larunbatean ere askotariko hitzorduak izango dira. Autodefentsa feminista tailerra egingo dute Gasteizko Sorginenean, 10:00etatik aurrera. Besteak beste, ahalduntzea eta autoestimua landu edota gure gorputzen inguruan hausnartuko dute. Landatxo gizarte etxean, bestalde, 1620-2020: 400 urtez independentzia gabetuak hitzaldia eskainiko du Asisko Urmeneta marrazkilari eta irudigileak, 11:00etatik aurrera.

Igandean, Arantzabela Ikastolan izango da hitzorduetako bat. Izan ere, Igandeak Jai programaren barruan, Iraungorriko Marimiri antzerkia eskainiko dute Zurrunka teatroaren eskutik, igandean, 17:30ean. Ondoren, tailerra izango da (3-12 urte bitartekoentzat).

Bestelako ekintzak ere badira bai datorren aste bukaerarako, baita hurrengo asterako ere. Sartu Euskararen Agenda atalean eta kuxkuxeatu! Asteburu on!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide