'Framing-a'

Erabiltzailearen aurpegia Oier Llinas 2019ko aza. 22a, 13:05

"Nola ihes egin eraikitako marko hauetatik eta norberarena eraiki?".

"Kazetaritzaren urrezko aroa", esan dit lagun batek ironiaz beteta. Egia da, azken urte hauetan komunikabideak, Salbuespenak salbuespen, gero eta kazetaritza kaxkarrago bat egiten ari direla. Pixkanaka, jendeak hedabideetan duen konfiantza txikitzen doa. Arrazoi ugari daude gaurko kazetaritzak dituen arazoak azaltzeko: fake news deitutakoak, mezuen polarizazioa, lan baldintza prekarioak… liburu oso bat idatzi daiteke gai honen inguruan. Eta, kazetaritzak hil ala biziko ebakuntza baten zain jarraitzen duen bitatean, komunikazioak gero eta indar gehiago dauka gure pentsamoldean. Zehazki, komunikazioaren adar teoriko batek: framing-ak.

Pasa den mendearen 60. hamarkadan sortutako teoria soziologiko bat da, gerora, hedabideei aplikatu zitzaiena. Berez, framing deitzen diogu berri bat kontatzeko aukeratzen den ikuspuntuari. Gertatutako zerbait, errealitate bat, nola kontatzen den, hain zuzen ere. Horrela azaldu daiteke zergatik albisteak ezin dirrn inoiz %100 objektiboak izan. Hala ere, framing honen urrezko garaian bizi garela uste dut ez kazetaritzan duen pisuagatik, politikariek egiten duten erabileragatik baizik.

Aurreko egunean telebistan ikusi nuen Bolivian gertatutakoa estatu kolpe bat ote zen eztabaidatzen ari zirela. Kontuan edukita egon diren hildakoak eta militarrek jokatu duten papera, nahiko argi esan daiteke estatu kolpe bat dela. Hala ere, politikari batzuek, tartean Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Kanpo Harremanetarako ministro ohiak, sutsuki defendatzen zuten ez dela horrelakorik izan. Hori bai, modu suhar berean esango dute Katalunian 2017an gertatutakoa estatu kolpe bat izan zela. Ildo berean, Altsasuko gazteek kartzelan jarraitzen dute, baina eurena baino okerragoa diren hamaika kasutan ibilitakoak libre daude.

Ez da soilik manipulazioa, framing-a baizik. Errealitatea kontatzeko, ulertzeko eta partekatzeko modu bat. Batez ere, herritar askok sinistuko duten ikuspuntu bat. Nola ihes egin emandako marko hauetatik eta norberarena eraiki? Erraz: irakurri, entzun eta ikusi ahal bezain beste komunikabide, eta gero zure framing propioa sortu. Hona hemen hedabideak erabiltzeko funtsezko araua: ez jarraitu bakarrik bat. Azken finean, kazetaritza hilzorian egon daiteke, baina oraindik beharrezkoa da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago