Elikagaien bilketa kanpaina handia egingo dute gaur eta bihar

Erredakzioa 2019ko aza. 22a, 11:15

Elikagaien Arabako Bankuak 210.000 kilotik gora biltzea espero du Arabako 80 supermerkatutan.

Elikagaien Arabako Bankuak eta Vital Fundazioak elkarlanean, zazpigarren Bilketa Kanpaina Handia antolatu dute gaurko eta biharko, azaroak 22 eta 23. Bi egunetan 210.000 kilo baino gehiago elikagai ez-galkor biltzea espero da, Arabako 80 merkataritza-saltokitan bilduta. Gasteizko supermerkatu guztietan ez ezik, Laudio, Artziniega, Amurrio, Agurain, Araia, Ribabellosa, Guardia edo Kanpezun ere jasoko dira.

Saltoki horietan elikagai ez-galkorrak jasoko dira, esaterako, lekaleak, pasta, olioa, esnea, azukreak edo kontserbak, baita familiek gero eta gehiago eskatzen dituzten beste batzuk ere, hala nola haurrentzako higiene produktuak edo elikagaiak, edo premia biziko beste zenbait produktu.

Eroski eta BM saltokietan, gainera, "elikagai bonuak" erosteko aukera ere egongo da. Bonu horrek produktuen garraiotik, sailkapenetik eta biltegiratzetik eratorritako kostuak saihestea du helburu. Bezeroak kutxan emango du barra kodea duen paper inprimatu bat, erosketan hartu duen beste produktu bat balitz bezala, eta horren zenbatekoa Elikagaien Bankuaren alde erregistratuta geratuko da. Bonu horien guztien balioaren batuketa Elikagaien Bankuari dohaintzan emango zaio, urtean zehar eskakizunen arabera behar dituen produktuak edo elikagaiak eros ditzan.

1.500 boluntario

Bi egun horietan 1.500 pertsona boluntario inguru ibiliko dira lanean. Horien artean, hainbat ikastetxetako gurasoak, ikasleak eta irakasleak egongo dira, baita beste kolektibo batzuetako laguntzaileak ere, hala nola Hiesaren Kontrako Batzordea, Down Sindromea duten Pertsonen Elkartea, Apdema edo Kaleko Hezitzaileak, besteak beste. Euren lana informazio-foiletoak banatzea eta saltokietako bezeroek ematen dituzten produktuak jasotzea izango da.

Edizio honetan stock gehigarria lortu nahi dute, beste ekimen batzuen bitartez lortzen ez diren baliabideek eragiten duten produktuen defizita saihesteko; eta, aldi berean, Arabako familia askok jasaten duten beharrizanaz sentsibilizatu nahi dira herritarrak, elkartasuna sustatu eta kontsumo arduratsua bultzatu.

Elkartasun hori sustatzea ezinbestekoa izaten ari da; iaz, esaterako, 4.194 pertsonari banatu zizkien elikagaiak bankuak (1.085 familia eta 644 heldu, jantokietan eta kolektiboetan hartuak).

Elkartasun kontzertua

Ekimena amaitzeko, larunbatean, 20:00etan, Elikagaien Arabako Bankuaren aldeko elkartasun kontzertua eskainiko da, Gasteizko San Pedro elizan. Guraso talde batek San Viator abesbatzak eta Pello Ramirezek biolontxelo eta soinu piezekin lagundutako programa interpretatuko dute.

    

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide