San Petersburgon izan dira Gasteizko dantzariak

Erredakzioa 2019ko aza. 21a, 17:10

Jose Uruñuela kontserbatorioko azken urteko ikasle eta irakasleak izan dira Errusian. 

Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioko azken ikasturteko zazpi ikasle eta bi irakasle San Petersburgon izan dira azaroaren 13tik 17ra bitartean, Izarren Gala batean dantzatzeko, Errusiako hiri horretako antzoki zaharrenetako batean, Music Hall-ean. Kontserbatorioak San Petersburgoko Balletarekin sortutako lankidetza estuari esker egin da bidaia, eta "oso esperientzia zirraragarria" izan dela nabarmendu dute ikasle zein irakasleentzat.

Errusiatik itzultzean, kontserbatorioko zuzendari Ainhoa Arenazak oso positibotzat jo du esperientzia: "Oso harro eta hunkituta gaude. Guretzat ohorea izan da gala batean lehen mailako bakarlariekin aritzea, Mariinski eta Mijailovski-ko izarrekin, eta antzoki zoragarri batean. Esperientzia paregabea izan da, eta kontserbatorioko ikasleek diotenez, ez dute inoiz ahaztuko". Kontserbatorioko lehendakari eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, bere aldetik, nabarmendu du "San Petersburgoko Balletarekiko lankidetzak udal zentroarentzat sortu duen aukera zoragarria". "Harreman hori zaintzen jarraituko dugu, ziur baikaude poz handiagoak gehiago ekarriko dizkiela ikasleei".

Mugarik gabeko Artea izeneko proiektuan parte hartzen du kontserbatorioak, eta jaialdi bat egiten da urtero, azaroan, mundu osoko artistak bildu ohi dituena. Errusia, Frantzia, Alemania, Finlandia eta beste herrialde batzuetako taldeek parte hartu izan dute jaialdi horren bukaerako gala-kontzertuan. Aurten, Gasteiztik joan diren dantzariak izan dira ohorezko gonbidatuak.

Batetik, Nebulosa, Arantzazu Susunagaren koreografia soil eta dotorea dantzatu zuten, Hauska eta Federico Albaneseren musikak lagunduta. Eta bestetik, Hau ez da tutu bat pieza, Elvira Illana Ezpeletaren koreografiarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide