Hitz kolpez, gazteak indarkeria matxistaren aurrean sentsibilizatzeko

Erredakzioa 2019ko aza. 19a, 10:37
'Hitz Kolpez' programaren bosgarren edizioaren aurkezpen agerraldia. / Argazkia: Alea

Azaroaren 20tik abenduaren 11ra bitartean, 50 emanaldi egingo dira Ibaiondo gizarte etxeko Felix Petite antzokian. Bigarren Hezkuntzako 15 ikastetxetako 550 gaztek baino gehiagok parte hartuko dute.

Antzerki dramatizazioaren bitartez, Arabako gazteak indarkeria matxistaren aurrean sentsibilizatzeko programa da Hitz Kolpez. Antolatzaileen arabera, parte hartuko duten gazteek ibilbide bat egingo dute "desparekotasunean eta indarkeria matxistan zehar".

Hainbat egoera azalduko dituzte antzerkien bitartez, ez soilik indarkeriaren agerpenik nabarmenenak islatzeko, baizik eta identifikatzen hain errazak ez diren "mezuak eta diskurtsoak ere". Diskriminazio moduen legitimazioa eta naturalizazioa agerian uzteko asmoa dute.

Prentsaurrean aurkeztu dute Ana del Valek -Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu eta Gazteriaren Foru Erakundearen arduraduna-, Nerea Melgosak -Arabako Foru Aldundiko Berdintasun Zerbitzuaren zuzendaria- eta Estitxu Peredak -Gasteizko Udaleko Alkatetza zuzendaria-. 

GFEak AFAko Berdintasun Zerbitzuarekin elkarlanean antolatu ditu programaren aurreko lau edizioak. Aurtengo ediziorako, Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzua batu zaie.

Gazteak eta indarkeria matxista

Nerea Melgosak programaren balioa eta beharra nabarmendu ditu. Izan ere, Melgosaren aburuz, gazteria "ekitaterik gabeko rolak, sexistak eta batzuetan bortitzak" birproduzitzen jarraitzen duen kolektiboa da, eta hain zuzen ere, haiengan eragina sortu nahi du programak.

Datuek errealitate gordina islatzen dute. Pograman parte hartu duten gazteen %54ak gelan indarkeriazko egoeraren bat bizi izan duela onartu zuen. Eta 14-15 urteko gazteen %13ak bikote harremanean indarkeria jasan izan duela.

Hortaz, datozen urteetan, Arabako Foru Aldundiaren politiketan, gazteak "lehentasuntzat" hartuko dituztela adierazi du AFAko Berdintasun Zerbitzuko zuzendariak.

Hitz Kolpez, bost urteko zikloa

2015ean, Hitz Kolpez programaren lehenengo edizioan, indarkeria matxistaren, eskola jazarpenaren eta ziberjazarpenaren aurrean sentsibilizatzeko asmoz, "esku hartze bat" egin zen ikastetxeetan eta leku publikoetan, antolatzaileen arabera.

Hurrengo hiru edizioetan, proiektua ikastetxeetara baino ez zen zuzendu eta ikasleekin mahai-inguru bat egin zen saioaren ostean. Halaber, irakasleei materiala helarazi zitzaien gaia lantzen laguntzeko.

Azken edizio honetan, beste era batean planteatu nahi izan dute proiektuaren bost urteko lehen zikloaren amaiera. Horregatik, antzerkia baliatu dute eta, batez ere, bikote harremanen barruko indarkeria matxista izango da egitasmoaren ardatz nagusia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide